Ivan Salazar, prestatzaile fisikoei jokalarien sasoi egoera monitorizatzeko aukera ematen dien Dataspy tresnaren sortzaileetako bat da, entrenamenduak pertsonalizatzeko helburuarekin, giharretako lesioak saihesteko eta sasoi egoera indartzeko.

– Zelan sortu zen tresna hori eratzeko ideia, gai horren inguruan merkatuak estaltzen ez zuen zer behar ikusten zenuen? Azterlanik egin al zenuen?

Gu talentu berriak detektatzen lagunduko zuen estatistika aurreratuko modulu bat garatzen hasi ginen. Talde garrantzitsuetako prestatzaile fisiko batzuekin biltzeko aukera izan genuen, eta informazioaren kudeaketa ez zela haien lan-metodologia optimizatzeko egokia konturatu ginen. Horren ondorioz, bideragarritasun-azterlan bati ekin genion, horrelako tresna baten potentziala ikusteko, eta emaitzak oso positiboak izan zirenez, horretan lan egiten hasi ginen.

– Zein izan zen tresna hori sortzeko timming-a, zein pauso eman behar izan zenituen zure proiektua gauzatzeko?

Martxoan prestatzaile fisikoentzako tresnaren garapena lehenestea erabaki genuen. Une horretatik aurrera, talde laguntzaileak erakartzeko eta tresnaren irismena aztertzeko fase bat egin dugu, eta gaur egun garapen-fasean gaude. Datorren abuztuan aterako dugu lehen bertsioa, talde kolaboratzaileek tresna eskura dutela has dezaten aurre denboraldia.

– Zer ekarri du zuretzat BIC Bizkaia Ezkerraldean (Ezkerraldeko Enpresa Garapenerako Zentroa, S.A.) murgilduta egoteak? Zergatik eta zelan onartu zenuen?

BIC kolaboratzailea den Explorer programan hartu genuen parte, alderdi askotan proiektua aurrera ateratzen lagunduko zigulako.

– Zertan lagundu dizu BICen inkubatuta egoteak?

Ekintzailetzarekin eta merkatuarekin erlazionatutako hainbat arlotan prestakuntza handia jasotzeko aukera eman digu.

– Zer eskaintzen du Dataspy-k merkatuko beste tresna batek eskaintzen ez duena?

Tresnaren abantaila nagusia informazioa zentralizatzea da. Horrek nabarmen errazten du prestatzaile fisikoek informazioa prozesatzea.

– Berriki Deustokabirekin elkartu zara, zer ekarri du horrek zuretzat eta zure proiektuarentzat?

Laguntza handia proiektua aurrera ateratzeko, ez bakarrik lanerako espazio bat eskainiz, baita etengabeko prestakuntza, hainbat alderdiri buruzko aholkularitza eta laguntzaileak bilatzen lagunduz ere.

– Zer erronka dituzu epe laburrean?

Kirol aplikazio bat izanda, partidaz partidako topikoa guztiz dator bat planifikatzeko gure moduarekin. Epe laburrean Beta bertsio bat aterako dugu, datorren abuztuan, eta hortik aurrera azterlan bat egingo dugu gure bezeroen beharrak bete ote ditugun eta zer aldaketa edo garapen berri egin beharko ditugun ikusteko.