Imanol García (Barakaldo, 1978), Elektronikako eta Automatikako ingeniaria, Bizintek Innovaren zuzendari komertziala da. Bizintek Innova ingeniaritza eta produktuen diseinuko enpresa da, eta BIC Bizkaia Ezkerraldearen (CEDEMI izandakoa) inkubagailuan hasi zen startup bat da. Gaur egun, 40 pertsona baino gehiago ditu enplegatuta, eta 17 urteko ibilbidea dauka. Eboluzio eta hazkunde horrek eraginda, duela 6 urtetik, sari propioak banatzen dituzte. Sari horiek harrotasunez betetzen dute Imanol, “izan ere, ilusioa egiten dit ni parte naizen enpresak berrikuntzako sari horiek banatzeak nire herrian, Barakaldon, BICen eraikinean, zeinak gure iragan industriala eta etorkizunekoa uztartzen dituen eta zeinean Bizintek jaio zen”.
Nola sortu zen Bizintek Innova?
Orain 17 urte jaio zen, Daniel del Río eta Iñigo Sobradillo bazkide sustatzaile biak elkartu zirenean bezero batek planteatutako erronka bati aurre egiteko. Behar bezala erantzun zioten, eta erronka horrek aukera ugari ireki zizkien. Bezero horren konfiantzari eutsi, beste batzuk iritsi ziren, eta, hala, Bizintek sortu zuten.
Gaur egun finkatuta dagoen enpresa bat da, eta izan duen hazkundearen oinarrian bezeroen arrakasta dago. Izan ere, haiekin batera hazi gara, eta haien gomendioei esker. Gure inbertsioak haien premietara bideratu ditugu, eta, horri esker, haientzat gero eta erabilgarriagoak izatea lortu dugu.
Zertan lan egiten duzue?
Gure ibilbideari ekitean, neurrira egindako elektronika garatzen genuen, hardware diseinuko eta firmware programazioko baliabideak baliatuta. Gerora, software programazioko profesionalak sartu genituen, bai plataforma mugikorretan bai ofimatikan, eta inguratzaileen diseinu industrialean ere bai.
Duela 7 urte, geure baliabide produktiboak izatearen alde egin genuen; esate baterako:
– Gaitasun handiko SMD lerro automatizatuak.
– THT lerroak.
– Coating lerroa, ikuskatzearekin eta ontze labearekin.
– Test eta mihiztatze mekanikoko bitartekoak.
Horregatik, gaur egun esan dezakegu bezeroari lagun egin diezaiokegula ideia aurkezten digunetik gure atetik produktua ateratzen den arte.
Bizintek Innova BIC Ezkerraldean garatu da; nola iritsi zineten BICera?
BIC Ezkerraldearekin, enpresa oraindik eratu gabe zegoela hasi genuen harremana, eta proiektu berrientzat erabilgarri zegoen coworking aretoan jarri ginen. Enpresa eratu eta gure lehen bezeroarekin lanean hasi ginenean, modulu txiki bat hartu genuen, eta lehen pausoak emateko balio izan zigun.
Nolakoa izan zen zuen esperientzia BICen? Zelan lagundu dizue? Noiz arte egon zineten?
Enpresa sortzeko orduan BICen babesa izateak lagundu zigun lehen urratsak lagunduta egiten. Oso gazteak ginen, enpresaren alorreko esperientzia oso txikiarekin, eta laguntza apur bat behar genuen lehen pauso horiek egiteko. Ia 4 urte egon ginen, harik eta bulego handiago batera mugitzea erabaki genuen arte.
BICen hasi zinetenetik, urrun iritsi zarete.
Hasierak gogorrak dira, gure kasuan bereziki zailak, ez geneukan-eta aurretiazko esperientziarik. Lehen urteetan, asko ikasi eta sakrifikatu behar izan genuen, eta emaitzak ez ziren beti oso onak izaten. Lortu ahal izan dugun arrakastaren oinarrian lehen urte haietan amore ez eman eta ikasten jarraitzea daude. 10 urte igaro eta gero eman ahal izan genuen jauzia. Azken 7 urte hauetan, enpresa hazi egin da; 10 pertsona ginen orduan, eta, gaur egun Bizintek ia 50 pertsonak osatzen dugu.
Nola jaio ziren Bizintek sariak?
Talentua bultzatzeko ekimen bat izan zen. Enpresa hau bi pertsona oso gaztek sortu zuten, baina konturatu ziren unibertsitatetik ateratzen zarenean oso bakarrik zaudela. Horregatik, sari hauen asmoa da ingeniari berriak motibatzea beren gradu edo master amaierako lanak elektronikaren esparrura bidera ditzaten.
Ekimen sozial bat da; talentua pizten duzu, zeina merkatura doan, eta zuk hori izan ahal izango duzu. Athletic bezala da; bereizteko eta klub handiekin lehiatzeko, harrobia landu behar da.
Nora begira dago enpresa?
Konfiantzazko bazkide izatera bideratzen dugu ahalegina, bai startupentzat, bai ETE-entzat, bai enpresa industrial finkatuentzat. Elementu elektronikoak beren zerbitzu eta produktuen artean sartzearen alde egiten duten gero eta produktu eta enpresa gehiago ikusten ditugu. Horrek aukera ematen die hazteko edo horretan mantentzeko. Elektronika zerbait berritzailea izatetik gure bezero askoren core izatera igaro da. Merkatuan zeure lekuari eutsi nahi badiozu, produktu elektroniko bat garatu behar duzu. Sektore askotan lan egiten dugu, eta horrek eragiten digu irekitasun teknologikoa izatea. Horien artean, guretzat oso garrantzitsuak dira sektore elektrikoa, elektromedikuntza, automozioa eta segurtasuna. Esparru horietan hazteko nahia dugu, gure bezeroentzat erabilgarri izanda.