Manuel Asísek (Murtzia, 1971) meatze-ingeniaritza ikasi zuen Madrilgo Meatze Ingeniarien Eskola Teknikoan; gero, ingeniaritza zibila egin zuen Frantziako Saint-Etienne Unibertsitatean, eta han 9 urtez aritu zen lanean. Parisen izan zuen lehen lan-esperientzia, startup teknologiko batean. Ondoren, Arcelor Mittalen hasi zen lanean, eta 14 urte eta erdi eman zituen bertan, enpresak Japonian zuen bulegoko arduradun gisa. Orduan, erabaki zuen Indiara bidaiatzea eta yoga- eta mindfulness-irakasle gisa trebatzea. Bidaiatik itzultzean, Londresen lan egin zuen Nissan eta Renault enpresetan, aholkulari gisa; alabaina, Bizkaira etortzeko aukera sortu zitzaion, Tubos Reunidosera, eta 2 urte eman zituen bertan. Tubos Reunidosek eta Productos Tubularesek bat egiteko fusio-prozesuan, Merkataritza Saila Bizkaian jarri zuten, BICetik gertu; Ilgner eraikinak interesa piztu zion, eta ideia bat hasi zitzaion buruan bueltaka: anaiarekin enpresa bat sortzea hemen, anaia teknologia-arloan aritzen baita. Eta horrela sortu zen HodeiCloud.
Nola bururatu zitzaizun ideia hori?
Nire esperientzia eta anaiarena uztartzearen emaitza izan zen. Startupetan eta ETE eta autonomoentzako mantentze-lan informatikoan aritua nintzen, eta asmoa zen hori modu digitalean eskaintzea. Digitalizazioaren arloak eskaintzen dizun guztia aprobetxatzea, bezeroei zerbitzariak birtualizatuz gure datu-zentroan.
Hodeiko mahaigain birtual gisa definitzen duzue zuen burua.
Gure produktuak beste urrats bat egiten du hodeian; Dropbox eta Google Drivetik harantz doa, horietan fitxategiak gorde besterik ezin baituzu egin. Gu eta haien artean dagoen aldea da pendrive eta ordenagailu baten artean dagoen berbera. Zure ordenagailua, mahaigainarekin, aplikazioekin… HodeiClouden sartu egin daiteke. Zerbitzari birtualizatu eta administratua da, datu-zentro batean kokatua. Dropbox baino konplexuagoa da.
Nolabait esan liteke “euskal hodeia” zaretela?
Bai, enpresa Bizkaian sortu zen, 2019ko irailaren 9an, baina ni 2017tik nago hemen.
Zergatik aukeratu HodeiCloud beste enpresa batzuen aurrean?
Guk produktu bakarra dugu, oso teknologikoa, eta zerbitzu integrala ematen dugu, ez zati bat bakarrik. Zerbitzu hori ematen duten enpresa bakanetako bat gara, eta datu-zentroa eta laguntza teknikoko zerbitzua ditugu. Gainera, agente digitalizatzaileak gara, Europako laguntzen Kit Digital Programak aitortuak, bezeroarentzat diruz lagunduak. Orain Estatu osoan egiten dugu lan.
Zein dira enpresa gisa dituzuen balioak?
Konfiantza eta bezeroarengandik hurbil egotea.
Zer duzue esku artean gaur egun?
Garapen-fasean gaude, eta aztertzen ari gara inbertsio-erronda egin behar dugun edo ez. Ikusi nahi dugu gure hazkundea aski den, inbertsio-erronda bidez gure kapitala saldu beharrik gabe. Bezero gehiago lortzen ari gara, ETE eta autonomoentzako laguntzen bidez, eta langile gehiago kontratatzen ari gara.
Eta BICen jarraitzen duzue; zer eskaintzen dizue?
Hurbiltasuna; guretzat garrantzitsua da BICek eskaintzen dituen zerbitzu guztiak bizi garen tokitik gertu izatea. Dena dela, garrantzitsuena eskaintzen dituen zerbitzu guztiak dira. Gehien gustatzen zaiguna da beste enpresa batzuekin harremanetan jartzea. Asko ikasten dugu gu baino aurreratuago dauden enpresengandik eta geure akatsetatik. Gero, ekitaldi eta laguntzetarako aholkularitza-atala ere hor dago.
Zer plan duzue enpresarentzat?
Garatzen eta hazten jarraitzea; negozio-zifrari dagokionez, fakturazioa lau aldiz biderkatzea. BICeko etapa osatzea, eta lekuz aldatzeko prestatzea. Aurrean dagoen toki batera aldatuko gara, bertan egoteko urteak luzatzen ez badira behintzat.
Zaila izaten ari al da bidea?
Ez, desafioak eta erronkak dira, baina enpresa ondo doa.