Héctor Seco (Barakaldo, 1979) Automatikaren Ingeniaritza ikasi zuen, eta Inser Robótican hasi zen lanean; han ezagutu zuen Rafael Luquin ingeniaria. Robotika industrialeko enpresa hartan lanean ari zirela harremana sendotu zuten, gustura lan egiten zuten elkarrekin, eta ideia asko zituzten automatizatzeko eta robotizatzeko. Beren proiektuak garatzeko gogoak bultzatuta erabaki zuten Luse Ingeniería sortzea.

Zer egiten du Luse Ingeniería enpresak?
Botiketarako robotak egiten ditu. Hasieran, automatizazio proiektuak egiteko aukera ere aintzat hartu genuen, baina, azkenik, ahalegin guztia gure robotean jarri genuen, bezeroari egokitua, eta seriekoa. Gerora, fostware eta automatismo moduluak eta osagaiak ere egin ditugu gure robotarentzat.

Botiketako robota da, beraz, zuen produktu nagusia.
Bai. Biltegi kaotiko bat da, eta ahal beste aprobetxatzen da espazioa bertan. Robotak botika kutxa guztiak neurtzen ditu, banan-banan, eta tetris batean baleude bezala kokatzen ditu. Tiradera normalak eta biltegiratzeko beste eremu batzuk ordezten ditu. Hobeto aprobetxatzen du lokalaren espazioa, botika eskaerak hartzen ditu, eta bezeroari ematen dizkio botikak, hark eskatzen duenean.

Nola bururatu zitzaizuen?
Elkar ezagutu genuen enpresa hartan eginak ginen saioren bat sektore horretan, eta ezagutzen genuen pixka bat produktua. Nahiko berritzailea zela ikusi genuen, eta ez zegoela oso landuta. Orduan, beste planteamendu batetik abiatuta egiteko bideragarritasun teknikoa aztertu genuen. Ikuspegi tekniko eta ekonomikotik posible zela ikusi genuen, eta aurrera egin genuen.

Zer alde dago botikako zuen robotaren eta beste batzuen artean?
Irtenbidearen pertsonalizazioa da alde nagusia, guztiz egokitzen baita lokalera eta botikariak nahi duenera. Banan-banan diseinatzen ditugu, eta fabrikatzaileak gara; beraz, robotaren edozein atal, atal fisikoak zein softwarea, egokitu dezakegu. Garatzaileak ere bagarenez, gure irtenbidea ez da soilik stock tresna bat, botikaren erabateko kudeaketari ere badagokio, iraungitze daten, errotazioen eta generikoen kudeaketa barne. Beraz, etekin ekonomikoa berehalakoa da; esan dezakegu robot bat duen kudeaketa tresna bat dela. Gainera, saldu ondorengo zerbitzua ere badugu, telemetria bidezko jarraipenerako sistema batekin. Sistema berdingabea da, eta robot bakoitza unez une zer egiten ari den azaltzen du. Horren bitartez, botikariak arazoak ikusi baino lehen konpontzen ditugu guk.

Lehia handia dago?
Estatu mailan fabrikatzaile bakarrak gara. Lehiakideak atzerriko markak dira, banatzaile nazionalen bitartez ordeztuak, eta horien 2 edo 3 marka daude presentzia handikoak.

Nola doa enpresaren garapena eta zuen robotaren salmenta?
Hazten jarraitzen dugu. 2008an hasi ginen, eta lehenengo robota 2011n saldu genuen. Lehen, urtean bat edo bi saltzen genituen, eta salmentak igotzen jarraitu dugu; gaur egun 30 saltzen ditugu. Poliki-poliki egin dugu aurrera, ez genuelako botikagintzaren sektorea ezagutzen. Urtez urte hazten joan gara, eta aurten 40 robot inguru saltzea da gure helburua, orain arte saldu dugun kopururik handiena.

Zuen enpresa BICen garatu zen. Zer oroitzapen dituzue?
BICen babesa funtsezkoa izan zen. Ez genekien egin beharrekoari buruzko ezer; hemen hartu gintuzten, entzun ziguten, ulertu zuten zer behar genuen, eta erraztasunak eman zizkiguten, egoteko guneak eta harremanak beste erakunde batzuekin, haien aholkuak jaso ahal izateko. Babes eta laguntza handia genuela sentitu genuen, eta gaur egun ere harremanetan jarraitzen dugu.

Zer plan dituzue etorkizunerako?
Herrialde osoan hedatzeko plan bat prestatzen ari gara, eta 17 lagunez osatutako langile taldea deszentralizatzen ari gara. Beste gune batzuetan ere presente egon nahi dugu. Herrialde osoan ditugu teknikariak banatuta, zerbitzu teknikoaren kalitateari eusteko, eta presente gauden leku guztietan salmentak igotzeko plan bat dugu: Galizia, Madril, Katalunia eta Andaluzia.

Baduzue beste proiektu berritzailerik gogoan?
Botiketarako laguntzaile birtual batentzako sistema osatzen ari gara. Adimen artifizialeko algoritmoak eta Big Datako azterketak erabiltzen ditu, eta bat-bateko mezularitza bidez komunikatzen da. Edozein botikariri ematen dio informazioa, ez du zertan robota eduki, eta negozioaren egoeraren berri ematen du, kudeaketari buruzko erabakiak hartu ahal izateko: fakturazioa, stockaren banaketa, produktuen errotazioa, langileen jarduera, botika generikoen jarduera, etab. Botikako ordenagailuetan instalatutako software bat da, eta Telegram bidez komunikatzen da jabearekin, negozioaren berri izan dezan.