Joan den maiatzaren 27an, 2021eko ON Bizkaia Sariak ospatu ziren. Sari horietan, BIC Bizkaia Ezkerraldean inkubatuta egon diren bi enpresak “Esker On” aintzatezpena saria lortu zuten: Gembiratech S.L.-k (Runnea) eta Tech friendly S.L.-k
“Esker On” sariak COVID-19aren aurkako borrokan euren ekarpena egiteko modua bilatzen zuten enpresa eta pertsona ekintzaileei eman zaizkie. Sektore guztietakoak, tamaina guztietakoak eta oso modu desberdinetan. Jorge García Betanzosekin eta Gonzalo Pellejerorekin, Runneako CEOarekin eta Tech friendly-ko Teknologia Zuzendariarekin, hurrenez hurren, egon gara.
Jorge Garcia Betanzos Runneako CEOak azaldu digunez, “Esker On” sariak talde osoarentzat oso gogorrak izan ziren egun haien aintzatespena ekarri du. “Gure jarduera ezerezera murriztuta zegoen, eta, hala ere, bagenuen konfinamendu gogorra jasateko gure ekarpena egiteko modua. Denbora errekorrean, etxean egiteko entrenamendu-plan espezifiko batzuk sortu genituen, eta herritar guztien eskura jarri genituen, doan. Horrekin, gizartearen umorea eta kalitate fisikoa hobetzen lagundu genuen, eta hori ere benetako saria da guretzat”.
Pandemiaren egungo egoera ikusita, Garcia Betanzosek azaldu du gizarte gisa denok egin dezakegula ekarpena. “Bakoitzak bere ezagutza- edo espezializazio-arloetan. Runnean beti sinetsi izan dugu lankidetzan helburu handiagoetara iristeko. Pandemiak mugimendu kolaboratzaile hori pizten badu, ona izango da guztiontzat, oro har”.
Bestalde, Gonzalo Pellejero Tech friendly-ko Teknologiako bazkide zuzendariak, adierazi du “Esker On” sariak Bizkaiko enpresei aintzatespena eman diela, iaz pandemiaren aurkako borrokan laguntzeko ekarpen eskuzabala egin baitzuten. “Beaz eta Bizkaiko Foru Aldundia gurea bezalako enpresekin gogoratu izana eta gure ekimenak eskertu eta aitortu izana oso pozgarria da, eta garai zailetan Bizkaiko gizartearekin lankidetzan aritzeko teknologia ikertzen eta garatzen jarraitzeko motibazioa ematen digu”.
Pellejerok Tech friendly-k konfinamenduko hilabeteetan egindako lanaren zertzeladak utzi dizkigu. “Gure kasuan, martxoan, pandemiaren hasieran, COVID-19aren arrisku potentziala adinekoengan dimentsionatzeko mapa bat egin genuen. Administrazioen datu irekietan oinarrituta, baliozko informazioa sortu, eta adinekoen egoitzetan erabaki operatibo eta estrategikoak hartzen lagundu ahal izan genuen”.
Tech friendly-ko bazkide zuzendariak erabateko sinesmena du datu irekietan, “horiekin lan egin ohi dugu. Administrazioek edo erakunde publikoek euren datuak irekitzeak, tresnak eta soluzioak sortzeko aukera eman diezaieke gurea bezalako enpresei, gizarteak dituen erronkak gainditzen laguntzeko. Aukerak amaigabeak dira, eta denbora-tarte labur samarretan balio handiko informazioa sor daiteke; horri esker, informazio hori testuingurura eta une bakoitzeko beharretara egokitu daiteke”, adierazi du.