Jon Astorkiza (Santoña, 1975), Arte Ederretako lizentziatua, artearen eta teknologiaren munduko zenbait arlotan hasi zen lan egiten Internet sortu zenean. Hasieran, EresMas Internet Zerbitzuetako Softwarearen Kalitatearen arduraduna izan zen Madrilen, eta, beste enpresa eta kargu batzuetan lan egin ondoren, Los Angelesera iritsi zen. Bertan, artearen eta teknologiaren nazioarteko hitzaldiak zuzendu zituen, eta nazioarteko artistak ezagutu ahal izan zituen zuzenean. 2017an, den-dena uztea eta ElektrART sortzea erabaki zuen.
Nola sortu zen ElektrART?
ElektrART orain dela urte luze bat sortu zen, Bilbon eta Los Angelesen artearen eta teknologiaren arloko hitzaldiak zuzentzen lortu nuen esperientziaren ondorioz. Horrez gain, artearen zein kulturaren munduan eta gizarteen garapeneko beste diziplina batzuekin zegoen hibridazioan artea eta teknologia bateratzean sortzen zen ahalmen horri ere erreparatu nion. Une jakin batean, ElektrART sortzea erabaki nuen, ahalmen hori berton, Euskadin, erdietsi behar nuelako. Enpresa sortu nuenetik, hazten joan gara, nahiz eta pandemiaren ondoren berrezarpena egin behar izan genuen eta ia-ia berriro hasi behar izan ginen.
Zer egiten duzue ElektrARTen?
Artisten sorkuntza-estudioa gara, artea eta teknologia hibridatzen ditugu eta artearen munduarekin zein ikus-entzuleekin harreman berriak bilatzea dugu helburu. Arte digitaleko instalazioak egiten ditugu, argiz eta soinuz betetako paisaia iragankorrak, alegia. Era berean, enpresei laguntzen diegu digitalizatzen, baina, horretarako, beti teknologia humanizatzen dugu esperientzia artistikoaren bidez, eremu fisikoetan nahiz etorkizunerako estrategietan.
Nola garatzen ari da enpresa? Zuon helburuak lortzen ari zarete?
2018an hasi ginen, eta, 2019. urtearen amaieran, Madrilen ari ginen lanean enpresa pribatu handiekin, instalazio artistiko eta ikus-entzunezkoen bidez ekitaldi korporatiboak argiztatzen eta balioa ematen. 2020ko otsailean, Kultura Ministerioak kulturaren modernizaziorako eta berrikuntzarako deialdiko saria eman zigun estatuko hiru proiektu onenetako bat izateagatik, eta, garai horretan guztian, errealitate birtualean jarraitu genuen lanean. Pandemian bertan, errealitate birtualean lan egin genuen bete-betean, baina murrizketak desagertzen joan zirenean, kaleetara itzuli ginen berriro, aurrez aurreko ekitaldietara, alegia, eta, harrezkero, etengabe hazi gara.
Gure zerbitzuak ordura arte eskaintzen ez genituen beste batzuetara egokitzen joan gara; esate baterako, eremu publikoetan argiz eta soinuz betetako paisaia iragankorren diseinua. Adibidez, bi negu daramatzagu argiz eta soinuz betetako esperientzia emozionala sortzen Euskalduna Jauregiaren kanpoko aldean. Horrez gain, oso proiektu handia lortu dugu, Sestaoko 1. labe garairako argiztapen artistikoa egiteko eta diseinatzeko, eta, horrela, ondareari balioa emateko, interes kultural moduan aitortu dute-eta.
Besteak beste, nazioartean ezartzea ere badaukagu helburu, artea eta teknologia bateratzeko premia hori sendotuago daukaten erakundeei gure zerbitzuak eskaintzen hasteko asmoz.
2023an, BIC Bizkaia Ezkerraldera iritsi zineten. Zer ekarpen egin dizue?
Oso premia argiagatik etorri ginen, hau da, gure proiektuak lantzeko eta gure teknologiak probatzeko gunea eduki nahi genuelako. BICek erraztasunak ematen dizkigu lan egiteko orduan, bertako eremuak erabilera anitzekoak direlako gure sorkuntza-lanei eta gainerakoekin ditugun harremanei begira. Dena dela, batez ere, enpresaren hazkuntza sustatzen laguntzen digu.
Baduzue modu berezian harro egoteko moduko proiektu nabarmenen bat?
Karola garabian egin genuena. Gure ideia batean oinarritutako proiektua izan zen. Argiz eta soinuz betetako instalazioa egin nahi genuen, Bilbok azken 40 urteotan izan duen hiri-eraldaketari balioa emateko asmoz, hau da, ontzigintzaren garaitik industria kultural bihurtu arte, bitartean gertatu den guztia kontuan hartuta. 15 minutuko pieza da, eta urteko asteburu guztietan ematen da.
Proiektu horri esker, beste lan bat lortu ahal izan dugu; labe garaiarena, alegia. Horrela, lerro argia daukagu kontserbazioa lantzeko eta industriako ondareari balioa emateko orduan.
Aurreratu ahal diguzuen proiekturen bat daukazue abian?
Osasunaren arloarekin lotutako ikerketaren lerroan ari gara lanean. Sorkuntza artistikorako modu berriak ikertzen ditugu komunikabide berrien, digitalen, birtualen… bidez. Jendeak ospitaleetan duen bizi-kalitatea hobetzea dugu helburu. Desgaitasun jakin batzuk dituztenentzako edo epealdi zehatz batean ospitaleratuta egon behar direnentzako proiektua da, batez ere. Ospitaleak oso leku hotzak dira, eta inork ez du gustuko bertan egotea. Hain zuzen ere, arte digitaleko instalazio eta proiektu artistiko emozional hauen bitartez eta komunikabide berrien bitartez (errealitate birtuala, adibidez), leku horiek askoz ere eramangarriagoak izatea nahi dugu. Hartara, gaixoetan eragin zuzena daukan proiektua da, baina bertako langileen estresa murriztea ere badaukagu xede.
Gaur egun, proiektu eredugarria dugu Biocruces Bizkaiarekin eta Gorlizko ospitalearekin, zenbait esperientzia artistiko murgiltzaile, kontenplaziozko edo elkarreragile sortzeko, diseinatzeko eta abian jartzeko.
Etorkizunari buruz ari garela, zer plan dituzue?
Gure plana geure irudia sendotzea da, Euskadin nahiz Euskaditik kanpo. Benetan bitxia da, bidaiatzen dugunean kanpoko jendeak gure proiektuak berrikuntza kultural zein artistikoaren arloko erreferenteak direla dioskulako, eta, etxean, ordea, ez digutelako hainbesteko aitortzarik ematen. Irudi hori indartu nahi dugu berton, eta kanporantz irteten hasi nahi dugu. Beste ingurune batzuetan hazten hasi nahi dugu, bertan artea eta teknologia aspalditik direlako nazioarteko erreferentzia gizartea, artistak eta mundu-mailako kultura garatzeko orduan.