Maiatzaren 2ko (astelehena) goizean, BIC Bizkaia Ezkerraldeko Ilgner erakinean, barne-ekintzailetzari buruzko jardunaldi bat egin da, eta bertan izan da Layre Madariaga, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria. Topaketan, hurbiletik ezagutu ahal izan da Emica Solar bertako enpresaren barne-ekintzailetzako esperientzia, bai eta ikuspegi estrategiko eta metodologikoa ere, Loop Business Innovationen eskutik. Horrez gainera, Barnekintzaile programa berriaren aurkezpena egin da.

Ekitaldia hasteko, Joseba Goikouria BIC Bizkaia Ezkerraldearen zuzendari nagusiak ongi etorria eman die bertaratutakoei. Azpimarratzekoa izan da Ignacio Rochetti Loop Business Innovationeko kidearen hitzaldia; azaldu du nola egituratu eta sistematizatu behar diren barne-ekintzailetzako dinamikak sustatzen dituzten negozio-aukera berriak. Halaber, Jon Ander Aguirrebengoa Emica Solarreko kidearen hitzaldia ere nabarmentzekoa izan da, non azaldu duen nola jardun barne-ekintzailetzan ETE batean. Jardunaldia amaitzeko, Imanol Cuétara SPRIko Ekintzailetza eta Sustapeneko arduradunak Barnekintzaile programa aurkeztu du.

Programa honen bidez, Eusko Jaurlaritzak, SPRI taldeak eta BICek enpresa-ekimen berriak garatzea sustatu nahi dute, gure industria-ehuna berritzeko palanka gisa. Zehazki, Barnekintzaileren eta aurreikusten dituzten 3 laguntza-ildoen helburua hau da: enpresei haien ekintzailetza-jarduera sistematizatzen laguntzea, eta negozio berriak landu eta martxan jartzea, BICen tutoretzaren bitartez.