Bizkaiko Foru Aldundiak eta Telefónicak inauguratu dute, ofizialki, Crowdworking Ilgner, BIC Bizkaia Ezkerraldearen instalazioetan Bizkaia Open Future_ programaren jarduerak garatzen ari diren espazioa. Foru Erakundeak eta multinazional digitalak sustatzen duten programa horrek bi helburu ditu: lehiakortasuna sustatzea Bizkaiko industriaren arloan, eta industriei beren burua eraldatzen laguntzea, ikusita gure inguruan zer aukera dauden negozio-eredu berrietarako eta industria arloko enplegu berria sortzeko.

Aldundiak 200.000 euro baino gehixeago inbertitu ditu CrowdworkingIlgner espazioan. Diru kopuru hori BIC Bizkaia Ezkerraldearen barruan leku bat egokitzeko erabili da, non Bizkaia Open Future_ programaren zenbait jarduera egiten ari diren. Programa horren bidez, teknologiaren eta industriaren arloko 30 enpresari baino gehiagori ematen zaie laguntza, 4.0 industriara aldatzeko prozesuan.

Berrikuntza Irekiaren Garajea izeneko kontzeptu berriaren babesean sortu da espazioa, non lanean ari diren ETE eta startup onenak, 4.0 industriarekin lotutako erronkei eta beste deialdi batzuei erantzun dietenak. Crowdworking Ilgnerrek, gainera, bere burua erreferentziako espazio neuralgiko bihurtu nahi du, hain zuzen, espazio bat izan nahi du startup, ETE eta erreferentziako enpresei eta industriaren sektorearen eraldaketa digitalari buruzko informazio gehiago izan nahi duten guztiei zuzendutako jarduera anitz egiteko.

Ezkerraldea, 4.0 industriaren erreferentea

Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak aurkezpen ofizialean adierazi du Ezkerraldetik 4.0 industriaren erreferente izan nahi dutela. Orobat nabarmendu du Bizkaiak laguntza-ekosistema ezin hobea eskaintzen duela 4.0 industriaren arloko enpresa berriak sortzeko eta proiektu berriak garatzeko. Bestalde Javier Zorrilla Telefónicako Iparraldeko zuzendariak adierazi du Bizkaia Open Future_ programak lagunduko duela industria-eredu berrirako, talentuaren erakarpenerako eta enpleguaren sorrerarako eraldatze-prozesua bizkortzen. Pradales eta Zorrillaren iritziz, lankidetza publiko-pribatuaren emaitza den Bizkaia Open Future_ programa lotura gunea da industriaren errealitate berrirako, zeinak beharrezko baitu garai digital berriak eskatzen dituen produkzio-egitura egokietaranzko eraldaketa bat.

Inaugurazio ofizialaren ostean, Bizkaia Open Future_ programan aurrez ikusita zegoen bosgarren sentsibilizazio-jardunaldia egin da, Crowdworking Ilgnerren. Bilera horretan, Deusto Tech, Celsa Group, Nem Solutions, Gaia kluster, Gamesa eta Arin Innovationeko ordezkariak izan ziren, eta «Talentua eta 4.0 industria baterako startupak» izan zuten eztabaidagai.