Markel Erleaga (Mendata, 1992) Camozzi Automationek Bizkaian duen filialeko Salmenten arduradun teknikoa da; hain zuzen, BIC Bizkaia Ezkerraldean du egoitza. Industria Ingeniaritza ikasi zuen, eta Eraikuntzan espezializatzeko masterra egin zuen.
Prefabricados Alberdin praktikak egin eta STEN Sistemas Técnicos de Encofradosen Bizkaiko eremuaren arduradun gisa lan egin ondoren, Camozzira heldu zen, Ibérica filiala sortzen laguntzeko; duela 5 urte jarri zuen martxan 4 kideko lantalde batek, gogo eta ilusio handiz.
Camozzi nazioarteko enpresa bat da; nola heldu da BICera?
Camozzi talde bat da, eta bost dibisio ditu; gu Automationen gaude, handienean. Automation da dibisio indartsua, eta mundu osoan dago.
Camozzi Automation Italian sortu zen, 1964an. Enpresa handia eta ezaguna da, eta mundu osoan ditu filialak. Espainian, banatzaile esklusibo batek ordezkatzen zuen, eta Portugalen ere berdin, baina ez marka gisa.
Joao Luis Motak jarri zuen filial hau martxan, gure manager zuzendaria izandakoak. Joao BICen lanean zegoen ordurako, berak sortutako beste startup batekin, eta, beraz, lekua ezagutzen zuen, eta bazekien handitzeko zer aukera eskaintzen duen ingurune honek. Camozzi multinazionalak ere ontzat hartu zuen startupen testuinguru honetan hazteko aukera, eta halaxe egin zen.
Multinazional baten barruko startup bat gara. Gu hasi ginen Italian logistikako makro-biltegi bat ireki zutenean. Ideia zen stockik ez edukitzea filialetan, eta guztia Italian zentralizatzea. Lehen filiala izan ginen zuzeneko bidalketarekin lan egiten. Kudeaketa guztia egiten dugu, baina bezeroari Italiatik bidaltzen zaio produktua zuzenean.
Gainera, Italiako zentralarekin batera, proiektu eta ideia berriak lantzen ari gara, toki ikuspegi batetik baina soluzio globalak bilatuz.
Zein dira BICek ematen dizkizuen erraztasun horiek?
Instalazioak oso ondo daude, eta startupen ingurune batean gaude. Horrez gainera, berrikuntzari buruzko gaiei eta laguntzei buruzko informazioa izaten dugu, eta horrek lagundu egiten digu enpresa-ibilbidea hastean.
Zer egiten duzue?
Automatizazio industrialerako eta fluidoen kontrol-sistemetarako produktuak fabrikatzen ditugu. Automatizazio industrialaren barruan, hiru teknologiarekin egiten dugu lan: teknologia pneumatikoa, teknologia pneumatiko proportzionala, eta eragingailu elektrikoak.
Askotariko sektoreetan gaude presente; esaterako, industrian, garraioan eta bizitza-zientzietan.
Zein dira orain esku artean dituzuen proiekturik garrantzitsuenak?
Camozzi globalaren mailan, proiektu oso interesgarri bat dugu pintza pneumatiko adimendunei dagokienez. Ideiaren sorburua da pintza pneumatiko arrunt bat eraldatzea pertsona baten eskuaren antzeko pieza bat lortzeko. Horrek gaitasuna izan behar du tenperatura, pisua eta halako aldagaiak neurtzeko.
Tokiko mailan, adibidez, kobot baten proiektu batean sartzen ari gara. Kobotak pertsonei laguntzeko robotak dira, pertsonekin lankidetzan lan egiten dutenak. Pieza pneumatiko berezi bat behar zuten sandwichak ontziratzen laguntzen duen kobot batentzat. Guk kobot horretan jarriko den pintza pneumatiko berezi hori egin dugu.
Etorkizuneko planik?
Hazten jarraitzea, Iberiar penintsulan gu ezagut gaitzaten lanean jarraitzea, eta proiektu gehiagotan sartzea. Gustatuko litzaiguke hedatzea, eta proiektu zehatz batzuk aztertzen hastea. Eta kolaborazioak bilatzea ere bai.
Une honetan, BICen instalazioetatik bertatik, automatizazio-prozesuetako bezero jakin batzuentzako muntaketak egiten ari gara dagoeneko, eta gure helburuetako bat hori da, hain zuzen, mota horretako ekintzetan haztea.