BIC Bizkaia Ezkerraldearen babesa duen Yuït-ek irtenbide berritzaileak garatu eta merkaturatzen ditu, edozein unetan eta lekutan har daitekeen elikadura osasungarri eta osoa eskaintzeko.
Enpresa bizkaitar honek janari-hautsa sortu eta garatzen du ‘Smart food’ filosofiarekin: irabiatuak, barratxoak eta halako produktuak hartzean datza, haien bitartez lortzeko Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) elikadura perfekturako ezarrita dituen nutriente, bitamina, mineral eta kaloria kantitate egokia.
Uneotan, enpresa finantzaketa-erronda batean murgilduta dago, Espainian eta Alemanian inbertsio komertzial handia egiteko xedez. 350.000 €-ko erronda hori, batez ere, bere produktuak eremu digitalean sustatzera, lantaldea sendotzera eta ekoizpen-agindu berriak egitera bideratuko da. Operazioaren barruan, Yuïtek 50.000 euro gorde ditu, crowdfunding-erronda baten bidez biltzeko. Hala, 515 €-tik aurrerako partizipazioak izango ditu inbertitzaile txikientzat, Crowfunding Bizkaia plataformaren bitartez. Otsailaren 3an amaituko da erronda, edo, bestela, erreserbatutako kopurua lortutakoan. Azpimarratzekoa da, era berean, enpresak onartuta dituela dagoeneko Bizkaiko Foru Aldundiaren eta SPRIren laguntzak, BIC Bizkaia Ezkerraldearen kudeaketaren bidez lortuak.
Orain dela urtebete inguru sortu zen Zallako enpresa hau, eta helburutzat ezarri zuen elikadura-produktu osasungarri eta osoa eskaintzea, edozein unetan eta tokitan hartzeko pentsatua, eta, gainera, elikadura osasungarria errazteko beren bizi-estiloagatik horretarako astirik ez duten pertsonei.
Bi urtez I+G arloko lana egin ondoren, lehen produktu-sorta merkaturatu zuten: Yuït powders, hauts bihurtutako eta nahasitako benetako janariz egindako produktua (arroza, lihoa, ilarrak, oliba-olio birjina estra, kombutxa…). Horrela, nutrizio-profil ezin hobea eratu zuten; 500 mililitro ur erantsita, irabiaki moduan kontsumi daiteke, hainbat zaporerekin.
Urtarrilaren amaieran, lantaldean sei pertsona dituen euskal enpresa honek Yuït bars gama berria merkaturatuko du, benetako janariaren kontzeptu berarekin, baina, oraingoan, barratxo-formatua emanda.
Gaur egun, Estatuan merkaturatzen ditu bere produktuak, eta nazioartean hazteko asmo argia du.