– Hilabete gutxi batzuk daramatzazu Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Ezkerraldean, Meatzaldean eta Enkarterrietan garatuko duten Plan Estrategikoa koordinatzeko eta bultzatzeko arduradun gisa, eskualde horietako ekonomiaren suspertzea, gizarte-kohesioa, prestakuntza eta enplegua bultzatzeko helburuarekin.

-. Zeintzuk dira zure eginkizunak eta lehentasunak estreinatu berri duzun kargu honetan?

Nire lana Eskualdeko Plan Estrategikoan zehaztutako ekintzen eta proiektuen ardura duten administrazioekin (Jaurlaritza eta Aldundia) lankidetzan aritzea da, haien aurrerapena bultzatzeko eta proiektu traktore bakoitzaren helburuen eta aurrerapenen jarraipen estrategikoa egiteko (epe ertain-luzean). Era berean, erraztaile izan gura dut, udalarekiko lotura, gauzatu beharreko ekintzak planifikatutakoaren arabera bete daitezen.

Lehentasuna hiru eskualde horiek Bizkaiko eta Euskadiko eskualdeen batez bestekoarekin bat egitea da, prestakuntzan, garapen ekonomikoan, hiri-berroneratzean, enpleguan eta gizarte-kohesioan.

 

-. Zelan heldu zarete Plan horretara eta zer proiektu traktore jasotzen dira eskualde bakoitzerako?

Plan hori Eusko Legebiltzarraren ponentzia batetik sortu zen. Bertan Autonomia Erkidegoaren barruan lehentasunezko jarduketa-eremuak zehazten dira. Bizkaiaren kasuan, Enkarterrin eta Ezkerraldea-Meatzaldean hainbat partaidetza-foro aktibatu ostean, 6 proiektu traktore definitu ziren eskualde bakoitzerako. Adibidez, Ezkerraldea-Meatzaldean: Parke Teknologikoa, Garraio Jasangarrirako Eredua, Lurzoru Kutsatuak Berreskuratzea…Enkarterrin; Enpresa-guneen sorrera, Turismo- eta kultura-aktiboen konexioa, Bioekonomiaren Sustapena…

 

-. Zer konpromiso hartu zenituen erronka hori onartzean?

Maila pertsonalean eta profesionalean, toki mailako lanetik eskualde mailako lanera igarotzea dakar. Ilusio handiz hartu dut erronka hori, eskualde horietarako nire aletxoa jartzeko itxaropenarekin, hemen bizi garen pertsonen bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko.

 

-. Programa horren aurrekontuari eta inbertsioei dagokienez, zer diru bideratuko da eta zer helbururekin?

Baliabide ekonomikoak Aldundiak eta Jaurlaritzak zehaztuko dituzte planaren indarraldian zehar. Gaur egun, bi erakundeek 270 milioi euro prestatu dituzte 2021-2023 aldirako; horien artean, duela denbora gutxi Eusko Jaurlaritzak Berpiztu funtsen bidez eman dituen aparteko 108 milioiak jasotzen dira.

Partidarik garrantzitsuenak Parke Teknologikora eta enpresa berriak instalatzeko lurzoru kutsatuak berreskuratzera bideratutakoak dira, 130 milioi baino gehiagorekin.

 

-. Ekonomia suspertzea eta enplegua berreskuratzea… Zure ustez, zenbat denbora barru egon gaitezke Pandemia aurreko zenbakietan?

Egungo egoera ikusita, ezin dugu Pandemia amaitutzat eman. Murrizketa asko malgutu egin dira txertaketaren ondorioz, baina birusak hedatzen jarraitzen du. Aurreikuspenen arabera eboluzionatzen badugu, badirudi 2022an eta 2023an berreskuratu ahal izango ditugula osasun-krisiaren aurreko enplegu-mailak eta garapen ekonomikoa.

 

-. Trantsizio teknologiko-digitala, energiarekin eta klimarekin erlazionatutakoa eta osasun eta gizarte arlokoa funtsezkoak al dira gure errealitatea eraldatzeko?

Covid-19aren krisiak lezio asko utzi dizkigu. Horietako bat, zientzian, teknologian eta ikerketan egiten den inbertsioa denboran zehar indartzeko beharra da. Biozientzietan, energian edo iraultza digitalean emandako aurrerapausoek aurrerapen-egoera errazten dute. Trantsizio horri ekiteko indarrak batzeko unea da.

 

-. Krisi ekonomiko eta sozial horren aurrean, Euskadik Europako beste eskualde askok baino abiapuntu-posizio hobea al du?

Euskadik, eragile publiko eta pribatuen lankidetzarekin, 80ko hamarkadan ekin zion industria birmoldatzeko prozesuari, eta horrek aldaketa handiak ekarri ditu bere ekoizpen-ereduan.

Gaur egun, ekonomiari eta gizarteari dagokienez aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean gaude, estatuko gainerako lurraldeek baino per capita errenta handiagoarekin, eta diferentzial positiboa daukagu Europar Batasuneko eskualde gehienekin alderatuta. Hala ere, osasun-krisiak erronka berriak dakartza berekin, eta lidergo-posizio horri eusteko eraginkortasunez jardun behar da horien aurrean.