Bic Bizkaia Ezkerraldean inkubatuta dagoen Bizkaiko Ironchip Telco enpresak, Eusko Jaurlaritzaren laguntza duen Caixabankek bultzatutako EkintzailetzaXXI Sarietako bat irabazi du. Sari horren helburua hazteko ahalmen handiena duten enpresa gazteak identifikatzea, aintzatestea eta haien ondoan aritzea da.

Duela gutxi EkintzailetzaXXI saria irabazi duzue. Zertan datza aintzatespen hori?

Guretzat oso albiste ona da. Zibererasoek mota guztietako erakundeak arriskuan jartzen dituzten testuinguru batean, zibersegurtasuna funtsezkoa da, bai erakundeentzat, bai gizarte osoarentzat.

Azken hilabeteetan enpresa eta erakunde publiko handiak zibererasoen biktima izan direla ikusten ari gara, eta arazo hori areagotu egin da pandemiarekin. Sari honek Ironchipeko talde osoaren ahaleginari eta lanari ematen dion aintzatespenaz gain, guretzat berri ona da sektore honetako proiektu berritzaileen aldeko apustua egitea eta aintzatespena ematea, gaur egun inoiz baino beharrezkoagoak baitira.

Zer helburu lortzea ahalbidetuko du sari hau lortu izanak? Bultzada bat al da?

Sari hau gure teknologia bermatzen duen beste aintzatespen bat da, zibersegurtasunaren sektoreari soluzio berritzaileak eta seguruak ematearen garrantzia agerian utziz eta aintzatetsiz. Guretzat beste bultzada bat da, hainbeste sinesten dugun proiektu honen alde lanean eta apustu egiten jarraitzeko, talde osoak ahalegin, lan eta ilusio handia jartzen duelako egunez egun.

Zer egiten duzue Ironchipen?

Ironchipen IAn eta Big Datan oinarritutako teknologia bakarra sortu genuen, Location-Based Security izenekoa, hain zuzen ere. Ironchip teknologia lokalizazioan oinarritutako segurtasun geruza bat da: gailu baten inguruko uhinak aztertzen ditu, toki horri lotutako identitate digital bat sortuz. Gure teknologiak erabilera eta aplikazio asko eta asko ditu, eta erraz faltsutu daitezkeen edo zibererasotzaileek ezagutzen dituzten metodoak erabiltzen dituzten segurtasun-sistemen edo -geruzen zaurgarritasunari erantzuteko sortu zen.

Kokalekua segurtasun-faktu fidagarri bihurtzeko gai izango zen teknologia bat sortzea erabaki genuen, ezagutzen ditugun metodoak, GPS edo IP bidezko lokalizazioa, besteak beste, erraz faltsutu daitezkeen faktoreak baitira.

Zein dira zuen produktuak?

Ironchip teknologia erabiltzen duten bi produktu ditugu. Horietako bat LBAuthentication da, kokapena segurtasun-faktore gisa erabiltzen duen gure autentifikazio-produktua. Erabiltzaileak gune seguru bat eratzen du eragiketak egiteko, eta kokapena erabiltzen du edozein sistematara sartzeko gako gisa, beste autentifikazio-faktore batzuk ordezkatuz edo indartuz, erraz faltsutu daitezkeen gakoak edo pasahitzak, adibidez. Erasotzaileak fisikoki leku edo gune seguru horretan egon beharko luke sistemara sartu ahal izateko, eta horrek urruneko erasoak eragozten ditu.

Bestalde, iruzurra detektatzeko gure produktuak, LBAntiFraudek, kokapena erabiltzen du segurtasun-geruza gehigarri eta edozein sistematarako integragarri gisa. Banka digitalaren erabiltzaileek leku beretatik jarduteko joera dute, eta, ondorioz, gure teknologiak esanahi handia hartzen du arlo horretan. Ironchip-en IAk, erabiltzailearen ohiko eragiketa-leku horiek zein diren ikasten du eta, horrela, eragiketa bat noiz ez den toki horretatik egin detektatzen du. Horrek alerta bat bidaltzen dio finantza-zerbitzuari, erabiltzailearen izenean jarduten saiatzen ari den norbaitek eragindako identitatearen ordezpena izan  daitekeelako.

Zein dira epe laburrerako zuen erronkak?

Guretzat garrantzitsua da hazten eta berritzen jarraitzea, eta pozik gaude azken hilabeteetan gure taldea nabarmen handitu ahal izan dugulako. Ideia batekin hasi ginen eta urte gutxiren buruan gure teknologia eta produktuak helduz joan dira. Orain, teknologia segurua eta azkar martxan jartzekoa garela esan dezakegu, eta horrela erakutsi du gurekin lan egiten duten bezeroen konfiantzak. Gure teknologiarekin, merkatuan balio bakarra eta beharrezkoa duen proposamen bat dugu, eta, beraz, garrantzitsua da lanean jarraitu ahal izatea erabiltzaileak eta erakundeak babesteko eta, ahal bada, mundua leku seguru bihurtzeko gure aletxoa jartzeko.

Noiztik zaudete BICen inkubatuta?

2018ko maiatzetik.

Zertan laguntzen dizue BICen inkubatuta egoteak?

Gainerako startup-ekin ekosistema bat sortzen eta finantzaketa bilatzen lagundu digu, laguntzak, kontaktuak eta inbertitzaileak bilatzeko lana errazten digulako. Gainera, gure proiektua gauzatzeko aholkularitza jaso ahal izan dugu, eta hori Ironchip hazten jarraitzeko beste laguntza bat da, gure teknologia bermatuz eta aintzatespena lortuz.