Ekintzailetza aukerez betetako mundua da, non negozio-ereduek sakrifizioz jositako bide konplexuak har ditzaketen, baina plazer eta poztasun pertsonal eta profesionalez gainezka. Zentzu horretan, BIC Bizkaia Ezkerraldeak (Cedemi ohia) “Believe Session” ekimena jarri du abian, protagonistek garatzeko aukeren eta esperientzien berri emateko topagunea, alegia. Gainera, tokiko ekintzaileen arteko lankidetzaren aldeko apustua egingo da bertan. Topaketak giro lasaien egingo dira, inguru eroso batean, eta amets eta zaletasun berdinak dituzten pertsonak elkartzeko xedearekin.
“Belive Sessión” delakoaren aurtengo edizioa abenduaren 16an, ostirala, egingo da, 19:30ean, BIC Bizkaia Ezkerraldean dagoen Crowdworking Ilgner espazioan. Arreta surfaren munduan jarriko da, baina berrikuntza, ekintzailetza eta aberastasuna sortzeko adibide gisa hartuko da, era guztietan. Hitzorduan hainbat protagonista bilduko dira, beren merezimenduengatik olatuaren gorenean daudenak: Kepa Acero bizkaitarra, surflaria eta surf-oholaren gainean mundu osotik esperientzia paregabeen bila ibili dena; Garazi Sánchez bizkaitarra, surflari profesionala eta goi-mailako txapelketetako hainbat kategoriatan txapeldun izan dena; eta Igor Barandiarán, Gipuzkoako Wavegarden enpresako gerentea. Enpresa surf-zaleentzako aisialdirako instalazioetan espezializatuta dago eta Gipuzkoan bertan munduko olatu artifizial luzeena sortu du, bai eta munduko beste leku batzuetara eraman ere.
Surfa izango da lehenengo “Believe Session” topaketako gai nagusia eta, bertan, talentu profesionala garatzeko hiru negozio-eredu berritzaile erakutsiko dira, guztiak ezberdinak, askotariko bizitza-filosofiekin eta diru-sarrerak sortzeko aukera ezberdinekin. Bertaratzen direnentzako inspirazio izango diren hiru esperientzia.
“Oraingo honetan surfaren aldeko apustua egin dugu kirol horretako zaleak modu esponentzialean hazi direlako azken urteetan, eta, gainera, gure inguruan garapen ekonomiko eta sozialerako aukera bihurtu da. Helburuak lortzeko hainbeste sakrifizio eta ahalegin eskatzen duen sektorea ikusarazi nahi dugu” azaldu du Iñaki Calvok, BIC Bizkaia Ezkerraldea zuzendari kudeatzaileak. “Believe Session” ekimenarekin, “gure inguruan dugun talentua nabarmendu nahi dugu eta, beste behin ere, gauzak egiteko modu bakarra ez dagoela frogatu”. “Ez dago ekintzailea izateko errezetarik, pertsona bakoitzak bere bidea, tresnak eta bidaia-lagunak aurkitu behar ditu” gehitu du Iñaki Calvok.
“Surfing. The Basque Country”
Protagonisten hitzaldien ostean eta gai-nagusitik asko aldendu gabe, surflaria eta 3sesenta aldizkari espezializatuko sortzaileetako bat den Javier Amézagak Surfing. The Basque Country izeneko azken argitalpena aurkeztuko du eta nahi dutenei aleak sinatuko dizkie. Historia, olatu eta protagonisten bidez euskal surfaren errealitate kementsua islatzen duen liburua da. Bertan, erakusten du tradizioz itsasoari oso lotuta egon den gizartean errotu den jarduera modernoa dela, gaur egun bizitzeko modu bat ere bihurtu dena, itsasoarekiko duen lotura gorabehera. Egileak bere webgunean azaldu duen bezala, “Liburuak erabat agerian uzten du Europan surfaren epizentroak osatzen duena, eta Euskadiren erakargarritasuna ikusgai jartzeko potentziala erakusten du, kirol garbi eta iraunkorra delako eta gure kostaldeko olatu bikainek mundu osoko surflariak erakartzen dituztelako”.
Ekitaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da BIC Bizkaia Ezkerraldearen sareko plataforman, Facebook zein Twitter sare sozialetan.
“Believe Session” ekimena doakoa da baina ekitaldia hobeto antolatzeko antolatzaileek aurretiko izen ematea eskatzen dute, bai telefonoz, posta elektronikoz zein esteka honen bidez http://bit.ly/Believe-session-surf.
Kepa Acero
Kepa Acerori surfa familiagandik datorkio. Hiru anai surflarien artean txikiena da. Bizitza osoa darama meteorologiaren, mareen, haizearen, oholen eta beste hamaika gauzen zain. Horiei esker lortu du zaletasuna bizitzeko modu bihurtzea. Txapelketaz txapelketa ibili da mundu osoan, beka zein babesletzei lotuta, eta, goi-mailako txapelketetako hainbat kategoriatan ere txapelduna izan da. AEBetako hirurogeita hamarreko hamarkadako surflari eta bidaiarietan inspiratu zen abenturaz jositako etapari ekiteko, txapelketetatik urrun eta bost kontinenteetatik zehar bidaiatzen. Orain, leku ikusgarriak esploratzen ditu, esperientzia magikoak bizi eta naturak sortzen dituen olatu ezin hobeak bilatzen ditu. Bideokamerari esker, Euskadira ekartzen ditu ekintza gogoangarri guztiak; izan ere, gaur egun 10.000 jarraitzaile eta ia milioi bat bistaratze baino gehiago ditu Youtube-ko kanal batean.
Garazi Sánchez
Getxoko Garazi Sánchez bizitzako unerik onenetako bat bizitzen ari da oholaren gainean. Surf profesionalaren munduan bere tokitxoa egin du, eta, 24 urterekin, eskuetan ez ditu txapelketei esker bisitatu dituen herrialde guztiak zenbatzeko atzamar nahiko: Maldivak, Indonesia, Maroko, Australia… Zenbait kategoriatako hainbat probetan garaile izan da, eta, hala ere, ametsak bilatzen eta betetzen jarraitzen du tubo perfektuez inguratuta. Surfa du ogibide babesletzei esker, ideiak oso argi dituen eta sakrifizioak egiteko oso prest dagoen emakumea baita.
Wavegarden
Askorentzat ezinezkoa dena negozio-aukera bat izan da beste batzuentzat. Horixe da Wavegarden enpresarekin gertatu dena, munduko olatu artifizial luzeena sortu duen Gipuzkoako enpresa izan baita. Aizarnazabalen, Zumaiatik gertu, aintzira artifizial bat eraiki dute, zeina “akuritzat” erabili den behin betiko formula aurkitu arte. Gainera, munduko surflaririk onenek ere in situ probatu dute. Errealitate bihurtzeko denbora nahikotxo behar izan zuen negozio-ideia da, zazpi urte baino gehiago behar izan baitzituen; alabaina, orain, AEB edo Galesen arreta erakarri du eta hazten jarraitzen du.