Global DMTech konpainia 2020an sortu da, osasun krisi betean. Krisi egoera horretan, datuen kudeaketa funtsezkoa bihurtu da, gure bezeroei eraldaketa digitalerantz laguntzeko. Big Data, Business Intelligence, Business Analytics, Microsoft SharePoint, Office 365, .NET, Power Automate eta ikus-entzunezko ekoizpenean eta irudi korporatiboan adituak dira, eta bezero bakoitzaren beharretara erabateko hurbiltasuna eta moldagarritasuna eskaintzea da haien ezaugarria, negozioen produktibitatea eta lehiakortasuna handitzeko eta hobetzeko.

Zein zerbitzu eskaintzen duzue?

Eraldaketa digitalera zuzendutako 3 negozio linea ditugu:

Data: Datu asko biltegiratzea eta ordenatzea, ondoren prozesatzeko eta aztertzeko. Datu horiekin, enpresei euren negozioetan erabaki estrategikoak hartzen laguntzen dieten eredu prediktiboak lortzen ditugu. Datuei balioa ematen diegu prozesuak optimizatzeko eta gure bezeroek izan ditzaketen errore operatiboak antzemateko, etorkizunean errepikatu ez ditzaten.
Media: Ikus-entzunezko ekoizpenak eta irudi korporatiboaren diseinua, gure bezeroek eskaintzen dituzten produktuen/zerbitzuen potentzial osoa transmititzeko.
Tech (powered by Bittek Soluciones Tecnológicas): Bittek 2010etik dago aktibo eta softwarearen diseinuan eta garapenean, aholkularitza teknologiko eta funtzionalean, Help-Desk euskarrian eta prestakuntza teknologikoan aditua da.
Zelan bururatu zitzaizuen ekiteko ideia?

Gure konpainia osatzen duten 3 negozio lineak pertsonen eta enpresen bizitza errazteko teknologian sinesten duten profesional esperientziadunek osatzen dituzte. Filosofia horrekin egin dugu gure ibilbidea, bakoitzak bere aldetik, urteetan zehar. Baina guztiok bat egiten genuen zerbitzu integral bat eskaintzeko beharrean, gure bezeroek eraldaketa digital osoa izan dezaten. Ideia horren aurrean indarrak batzea eta bide berri bati ekitea erabaki genuen.

Zeintzuk dira zuen berehalako erronkak?

Gure helbururik gertukoena hiru negozio lineen artean sinergiak sortzea da, gure bezeroei konponbide integralak eskaintzeko. Proiektu bakoitzean bizi-ziklo oso bat ematea da gure konpromisoa.

Zelangoa izan da zuen enpresa ibilbidea?

Gure ekipo osoak teknologia berriei lotuta egin du bere ibilbide osoa. Ezagutza sakona eta esperientzia zabala ditugu sektore publikoan zein pribatuan. Industriarako, foru eta toki administrazio publikorako, komunikabideetarako eta askotariko enpresetarako egin dugu lan.

Zer nabarmenduko zenukete zuen enpresatik?

Global DMTech-en potentzialik handiena gure giza taldea da. Oso malguak eta zintzoak gara gure zerbitzuak indarrean jartzeko orduan, eta gure bezeroekiko hurbiltasunaren eta etengabeko arretaren alde egiten dugu beti. Gainera, enpresen eraldaketa digitala berme osoz gauzatzeko gaitasuna dugu, gure jarduera biltzen duten diziplinetan eta tresnetan esperientzia eta ezagutza handia dugulako.

Zelan heldu zineten BIC Bizkaia Ezkerraldera?

Dinamismoa eta ekintzailetza arnasten ziren lan-ingurune irisgarri baten bila ari ginen, eta BIC Bizkaia Ezkerraldea ibilbide luzeeneko startup-entzako eta enpresentzako erreferentziazko lekua zela egiaztatu genuen. Ez genuen inolako zalantzarik izan.

Zer iritzi duzue enpresa inkubagailu horri buruz?

Gure ustez, enpresa batek behar dituen baliabide guztiak ditu: tamaina eta banaketa desberdinak dituzten bulegoak, bilerak, aurkezpenak eta prestakuntzak egiteko gela ugari, auditorioa eta aisialdirako eta atsedenerako gune komunak. Gainera, inkubagailuak finantzaketarako erraztasunak eskaintzen dizkie enpresei, kaudimenarekin abiatu ahal izateko. Hori guztia, beti guri laguntzeko eta sor daitezkeen arazo guztiak konpontzeko prest dagoen talde paregabeak lagunduta.

Zertan lagundu dizue BIC Bizkaia Ezkerraldean inkubatuta egoteak?

Denbora gutxi daramagu hemen, eta bizitzen ari garen osasun egoera dela eta, gure langile gehienak telelana egiten ari dira; beraz, ezin izan dugu lekuaren potentzial guztia gura genukeen bezala ustiatu. Hala ere, BIC Bizkaia Ezkerraldearen ekipamenduari esker, talde bilerak eta bezeroekin bilerak egin ahal izan ditugu, segurtasun neurri guztiak bermatuz; eta zentro horrek lurraldean duen ospea dela eta, sektoreko beste enpresa batzuek ezagutu ahal izan gaituzte.

Gomendatuko zenieke beste enpresa batzuei BICen sartzea?
Zalantza barik. Ekintzailetzarako lekurik egokiena da..

Zer nabarmenduko zenukete une latz hauetatik?

Maila profesionalean inflexio-puntua izan da errealitate berri batera egokitu behar izan duten enpresa askorentzat. Askok bide berriei ekitea erabaki dute, eta telelana modu masiboan ezarri da lan-merkatuan. Gainera, pandemiak iraun duen bitartean, datu masiboak behar bezala kudeatzeak eta aztertzeak ere garrantzia hartu du.

Zuen ustez, zelan eragingo du krisi global honek startup-en, ekintzaileen eta ETEen egoeran?

Argi daukagu negozioen digitalizazioak lehiakorragoak izatea ekarriko duela eta herritarren kontsumo ohitura berrietara egokitzea ahalbidetuko duela. Enpresoi dagokigu konfinamendu berrien aurrean gure barne-egitura prestatzea, eta askok “normaltasun berrian” sortzen diren premia berrien arabera egingo dute beren jarduera –edo jarduera berriak sortuko dira–.