Explorer Space Bizkaia jarri da martxan, BIC Bizkaia Ezkerraldean dituen coworking guneetan, datozen sei hilabeteetan euren 20 ideiak lankidetzan garatuko dituzten 33 ekintzailerekin batera, aholkularitza pertsonalizatua jasoz eta berrikuntzan eta negozio ereduetan adituak direnen eskutik trebatuz.
Banco Santanderrek, Santander Universidades-en bitartez, sustatzen duen eta Centro Internacional Santander Emprendimiento (CISE) izenekoak koordinatzen duen Explorer ‘Ideiak dituzten gazteak’ programak SPRIren laguntza du, BIC Bizkaia Ezkerraldearen bitartez, eta edizio honetan, Silicon Valleyra joateko bidaia batekin sarituko du Explorer Space Bizkaiako ekintzailerik hoberena, eta finantzaketarako 60.000 euro eskuratzeko aukera emango dio.
Prestakuntza eta balioztapena
Aukeratutako gazteek designthinking, sormen, finantza, lidergo, marketin edo komunikaziorako trebezia saio praktikoak eta tailerrak jaso ahal izango dituzte –prestakuntza espezializatutako 30 ordu–, Explorer programaren sarea osatzen duten adituen eskutik. Halaber, proiektu bakoitzak, bere esperientzia eta aholkularitza eskainiko duen mentore boluntario baten laguntza izango du.
Explorer programaren prestakuntza ibilbideak, etengabeko berrikuntzaren eta ikasketa balioztatuaren printzipioak aplikatuz negozio eredu berriak azkar sortzeko aukera ematen duen Lean Startup metodologia aplikatzen du.
Proiektu hoberenak finantzatzea
Prestakuntza eta ideiak finkatzeko sei hilabeteak amaitutakoan, Explorer Space Bizkaia programan ondoen baloratutako proiektua duen gaztea Silicon Valleyra joango da, berrikuntzaren alorreko mundu mailako erreferentera, eta bertan maisu klaseak eta nazioartekotzeari buruzko aholkularitza jasoko ditu puntako enpresa teknologikoetan, eta inbertitzaileekin harremanetan jarriko da. Horrez gain, San Franciscotik itzultzean, bere negozioa bultzatzeko nazio mailako hiru sarietako bat (30.000, 20.000 eta 10.000 euro) eskuratu ahal izango du.
EY Fundazioarekin duen lankidetzari esker, Explorer programak Woman Explorer Award saria ere badu. Sari horrek 20.000 euro eskaintzen ditu, emakume ekintzaile bat buru duen proiektu hoberena finantzatzeko. Horrez gain, INDRAk bultzatzen duen berrikuntzaren DisruptiveTechnology Explorer Award sariak 3.000 euro eta Indraventures alorreko adituen aholkularitza eskainiko dio negozio eredu berritzaileenari.
Explorer programa Santander X komunitate globalaren barruan dago, eta Santander YUZZen bilakaera da. Aurreko zortzi edizioetan, ekimen horrek 4.200 gazte baino gehiagoren ideiak bultzatu eta ehunka enpresa sortu ditu.
Santander YUZZ Barakaldok Bizkaiko 120 gazte baino gehiago trebatu eta gure ingurunean negozio ideia asko bultzatu ditu bere sei edizioetan. Ekintzailetza, sorkuntza eta enpresen finkapena dira BIC Bizkaia Ezkerraldearen (www.bicezkerraldea.eus) nortasunaren zeinuetako batzuk. Ezkerraldean eta Meatzaldean erreferentziazkoa den enpresa gunearen helburua eskualdean eta, ondorioz, Lurralde Historiko osoan, enplegua eta aberastasuna sortzea da.
Gaur egun, hogeita hamar enpresa daude Ilgner inkubagailuan. Erabat zaharberrituta dagoen eraikin historikoak 2.500 m2ko azalera du, eta 54 enpresa modulu eta guztien erabilerarako zenbait gune, ekitaldi aretoa, prestakuntza gelak, ekintzailetzarako gelak, Ilgner Espazioa, aparkalekua, etab.
Santander Universidadesi eta CISEri buruz
Banco Santanderrek, mundu osoan hezkuntzari laguntzeko gehien inbertitzen duen enpresak (Varkey/UNESCO–Fortune 500 txostena), 1.100 lankidetza akordio ditu 21 herrialdetako unibertsitateekin eta irakaskuntza erakundeekin Santander Universidadesen bitartez, eta Universia sarearen bidez Ibero Amerikako 1.300 irakaskuntza erakunde baino gehiago biltzen ditu.
Gaur egun, erakundeak unibertsitate mailako 7.000 ekintzaile baino gehiagori laguntzen die urtero, hainbat unibertsitateko 350 ekintzailetza programa baino gehiago bultzatzen ditu eta, 2016an bakarrik, 13 milioi euro baino gehiago bideratu zituen unibertsitate mailako ekintzailetzara. Informazio gehiago www.santander.com/universidades webgunean.
CISE, herrialde osoan ekintzailetza izpiritua sustatzen eta startupen sorkuntza bultzatzen duen zentroa da. Banco Santanderren, Kantabriako Unibertsitatearen eta Kantabriako Gobernuaren laguntzarekin, CISE prestakuntza programak gauzatzen ditu, pertsonen sormena bultzatzen du eta berrikuntza sustatzen du. Informazio gehiago www.cise.es webgunean.