Undersat Mobile Computing IT  2014an sortutako start-up bat da eta bere egoitza gure BIC Bizkaia Ezkerraldeko instalazioetan dago. Enpresa hau txartel birtualeko sistema berri batean lan egiten ari da eta bere helburua erabiltzaileei denbora eta segurtasuna eskaintzea da, horrela, establezimendu eta saltoki askotan sortzen diren ilarak saihesteko. Egungo alarma-egoera dela-eta, start-up askok bere burua berrasmatu behar izan dute eta egoera berrietara egokitu behar izan dira.  Undersaten zuzendari teknikoa den Eduardo Luis Sirgorekin hitz egin dugu eta berak azaldu digu goiz jaioko den konponbide berritzaile hau zertan datza.

Zer da UNDERSAT? Nola sortu zen?
Guk sistema informatiko bat eskaintzen diegu bulegotik kanpo zerbitzuak ematen dituzten enpresei.  Telefono mugikorren bidez, bere langileek denetarik egin dezakete: lan-gaztiguak kontsultatu, albaranak igorri edo ataza berrien hasiera fitxatu. Harpidetza bidez funtzionatzen dugu eta gure bezeroek ez dute hardwarean inbertitu behar, badutelako behar duten guztia.

Duela bost urte, ikusi genuen bazeudela langile asko bere lana enpresatik kanpo garatzen zutenak eta, oro har, horiek nahiko deskonektatuta zeudela.
Hori aldatu nahi genuen, baina teknologia oraindik ez zen oso heldua eta mugikortasun-konponbideak, txarrak izateaz gain, garestiak ziren.
Telefono mugikorrak heltzean eta internet leku guztietara hedatzean, hasi ginen gure plataforma garatzen.

Nola heldu zineten BIC Bizkaia Ezkerraldeara?

Gehienok Barakaldokoak gara. BEAZetik igaro ginen eta, hortik, hona heldu ginen.

Momentu honetan, zer egiten ari zarete UNDERSAT MOBILE COMPUTING enpresatik COVID19ari aurre egiteko?

Gure proiektu berria laster jaioko da; funtsean, ilaren kudeaketa birtualean datza eta bi gauza eskainiko ditu: denbora eta segurtasuna.

Nola bururatu zitzaizuen ideia?

Denok ikusi dugu. Alarma-egoerak ohituta ez geunden errealitate bat ekarri digu: ilarak.  Ideia hau aurretik geneukan, baina orain inoiz baino zentzudunagoa da.

Zeintzuk dira sistema berri honen abantailak?

Publikoarentzako establezimenduetara zuzendutako sistema bat da.  Bai saltoki pribatuetara, bai leihatila ofizialetara.  Gure telefono mugikorretik, ilaren egoera kontsulta dezakegu denbora errealean; txartela har dezakegu eta zenbat itxaron beharko dugun ere kalkula dezakegu.  Imajinatu zenbat denbora aurrezten duen eta saihestuko dituen aglomerazioak.

Txartel birtualeko sistema honekin, paperaren erabilera murrizten laguntzen da.  Zuen ustez, gizarteak horiek bezalako ohiturak aldatu behar ditu?

Jendea ez da inozoa; oso azkar egokitzen gara onetara.  Telefono mugikor batekin denetarik egiten dugu gaur egun.  Produktua erabilgarria eta sinplea bada, gizarteak oso arin bereganatzen du.

Nola gauza daiteke aldaketa hori erasanik sortu gabe?

Aurretik esandakoa: enpresa teknologikook gure produktuen sinpletasuna eta erabilgarritasuna azpimarratu behar ditugu.

Nolakoa izan da alarma-egoeran zerbitzu hau eskaini ahal izateko burutu behar izan duzuen egokitzapen prozesua?

Gure kasuan, erraza izan da.  Gure zerbitzua cloud da eta telelana beti egon da gure DNAn. Urrutitik denetarik egin dezakegu.

Denetarik, bulegoko landareak ureztatzea izan ezik.

Nola erantzuten ari dira une hauetan zuen zerbitzuak erabiltzen dituzten enpresak?

Desberdin erantzuten ari dira.  Batzuek bere jarduera bikoiztu dute eta beste batzuek, aldiz, aldi baterako eten dute berea.

Lehenengo taldean daude elikagaien etxez etxeko zerbitzua ematen dutenak edo Internet bidezko salmentak dituztenak.

Bigarren taldean, ordea, itxi behar izan duten saltokiak, biltegiak eta tailerrak daude.

Krisialdiaren eragina nabarmena izan da gure fakturazioan.

 

Une gogor hauetan, zer nabarmenduko zenuke?

Esan dezakegu krisi honen alde negatiboa ziurgabetasuna dela, berrikuntza-proiektu asko geldiarazi dituelako; bestalde, uste dut alde ona izan dela enpresa asko oso azkar egokitu egin direla telelanera.

Zuen ustez, nola eragingo dio pandemia honek start-up, ekintzaile eta ETEen egoerari?

Nik uste dut enpresa askok ikusi dutela oso garrantzitsua dela mugikortasunean teknologia erabiltzea; horregatik, konfiantza daukagu, pentsatzen dugulako krisialdi honek indartuko gaituela.

Start-upak izaten gara lehenak egoera berrietara moldatzen eta arazo berrientzako konponbideak eskaintzen, baina, krisialdiaren aurrean, ahulenak ere bagara, kapital-erreserba gutxiago ditugulako.

Espero dugu erakundeek gure potentziala aintzat hartzea eta gu babestera zuzendutako baliabideak eskaintzea; izan ere, start-upak giltzarriak gara egoera honetatik ateratzeko.