Cobizi gizarte-kooperatiba berritzailea da; Estatu mailan, aitzindaria da bakarrik dauden pertsona guztiei konponbide integrala eskaintzen eta bere inguruneko pertsonak ahalduntzen. Orain, koronabirusaren epidemia dela-eta, antolakuntza une latzak bizitzen ari da, baina, inguruabarrak gorabehera, bere zerbitzua ematen jarraitzen du. Cobiziren sortzaileak diren Cristina eta Edurnerekin hitz egin dugu, gaur egun, BIC Bizkaia Ezkerraldearen ekintzailetza-aretoan daudenak.
Zer da Cobizi? Nola sortu zen?
Babesgabetasun ekonomiko eta/edo emozionaleko egoera batean dauden pertsonak konektatzen ditugu (besteak beste, adin-tarte, egoera, nortasun edo bizipen antzekoak dituztenak) etxe berri bat sortzeko, etxebizitzaren gastu orokorrak partekatuz (adibidez, argi, ur edo gas-ordainagiri bakarra…).
Horrez gain, pertsonen ongizate emozionala hobetzen dugu, gero eta hedatuago dagoen bakardade-sentimendu hori arinduz. Bakardadearekin amaitzen duen eta ekonomia hobetzen duen bizikidetza-modu bat.
CoBizi sortu genuen egungo biztanleriak aldaketa soziokulturalen ondorioz pairatzen dituen premiez jabetu ginelako: biztanleriaren zahartzea; bizi-itxaropen handiagoa; krisialdi ekonomikoa; erretiro-pentsio baxuak; alarguntasuna; lan-txirotasuna… Egoera horien guztien aurrean, ez dago pertsonen bizitza hobetzen duen aukerarik.
Zeintzuk dira zure bezeroei eskaintzen dizkiezuen zerbitzuak?
Zerbitzu nagusia da antzeko pertsonak konektatzea etxe berri bat sortzeko.
Bizikidetzaz gain, beharrezkoa izatekotan, bestelako zerbitzuak eskaintzen ditugu. Adibidez, doako aholkularitza juridikoa eskaintzen diegu; laguntzak eta diru-laguntzak kudeatzen ditugu; administrazio-izapideak egiten ditugu; janari-, farmazia-, garbiketa- edo zaintzaile-zerbitzuak ematen dizkiegu… etab.
Bizikidetzaren segimendua ere egiten dugu, ondo doala egiaztatzeko; beharrezkoa bada, bitartekari-lana egiten dugu eta haien premiak aztertzen ditugu. Gainera, gizarte-harremanak eta zahartze aktiboa sustatzen ditugu, besteak beste, topaketa, lantegi edo bidaien bidez.
Nola heldu zineten BIC Bizkaia Ezkerraldera?
Gure negozio-plana garatu genuen Demaren laguntzarekin; izan ere, lehenengo Taldeka Digitalean parte hartu genuen eta haiek gomendatu ziguten BIC Bizkaia Ezkerraldea, oso erabaki egokia izan dena. BIC Bizkaia Ezkerraldearen laguntza edukitzea aukera bikaina da edozein ekintzailerentzat.
Momentu honetan, zer egiten ari zarete Cobizitik COVID19ari aurre egiteko?
Aste hauek zailak izaten ari dira biztanleria osoarentzat. Koronabirusaren pandemiari aurre egitea erronka bat da guztiontzat, bai biztanle gisa, bai gizarte-antolakuntza gisa.
Orain, inoiz baino gehiago, arduratsuak izan behar gara eta Osasun Ministerioak ezarritako prebentzio-neurriei jarraitu.
Prebentzioak funtzionatzen du eta guk hori oso ondo dakigu. Horregatik, eta kontuan hartuta gure jarduera geldiarazi dela, hau da, ezin garela fisikoki elkartu gure bezeroekin eta erakundeekin, gure jarduera birtualki mantentzea erabaki dugu. Topaketa telematikoetan parte hartzen dugu eragile eta erakunde desberdinekin, denon artean, bestelako aukerak bilatzeko, hain zuzen ere, gure ekarpenak egiteko eta zoramen honetatik are indartuago ateratzeko.
Zerk bereizten zaituzte sektore horretan diharduten gainerako enpresengandik?
Ez dugu ezagutzen adinekoak bere inguruneetan zaintzera zuzendutako gurea bezalako bestelako proiektu integralik.CoBizin, etxeak sortzen ditugu; ez da logela-alokairu bat. Pertsonei bere etxeetan bertan laguntzen diegu; bizikidetzan laguntzen diegu; bitartekari-lana egiten dugu eta konponbideak eskaintzen dizkiegu.
Egoitza bat edo cohousing baino askoz konponbide irisgarriagoa eta merkeagoa gara. Horrez gain, adierazi behar da CoBizin aurretik aipatutako zerbitzu gehigarriak eskaintzen ditugula.
Nolakoa izaten ari da une hauetan zuen zerbitzuak eskaintzeko egokitzapen-prozesua?
Egungo egoerara egokitu behar izan gara, harreman guztiak, besteak beste, telefono, bideo-dei edo posta elektroniko bidez ezarriz; horrez gain, gure jarduerak berregituratu ditugu aurrera jarraitzeko
Bizi dugun osasun- eta gizarte-krisiak zein neurritan eragiten dio zuen proiektuaren garapenari?
Ezin ditugu zuzenean bisitatu gure erabiltzaileak eta balizko bezeroak, pertsona horiek direlako kolektiborik ahulena Covid19aren aurrean. Hala eta guztiz ere, harremanetan jarraitzen dugu guztiekin, orain inoiz baino gehiago, bere premia guztiak asetzeko eta arreta berezia jarriz premia emozionaletan. Denbora hau baliatzen ari gara hausnartzeko, kontzientziatzeko eta bizi duguna bezalako egoeretarako konponbide berriak bilatzeko.
Konfinamenduak bakardadea areagotu du. Nola laguntzen diezue pertsona horiei?
Etengabe gaude harremanetan telefono bidez eta bideo-deien bidez; gainera, itxarote-zerrendan ditugun pertsonak dira bakardadea neurri handiagoan pairatzen ari direnak. Izan ere, konfinamendua erabat bakarrik igarotzen ari dira; egunak eta asteak ematen dituzte inor ikusi gabe; kasu askotan, alargunak dira eta, batzuetan, ez dute seme-alabarik.
Etxez etxeko zerbitzuak oin-zatarrean uzten dira inolako kontakturik egon ez dagin eta ahalik eta gehien murrizteko kutsatzeko arriskua; ez dute zuzenean inorekin hitz egiten, ezta inor ikusten ere, eta nabaritzen hasi gara, egunak pasa ahala, gero eta gehiago sumatzen dutela, apatikoago daudela, beldur direla…, Beraz, pertsona horientzat, CoBiziren deia garrantzitsua da, une horretan aukera daukatelako pertsona atsegin batekin hitz egiteko eta bere kezkak azaltzeko, hau da, momentu batez egungo egoera ahazten laguntzen diegu.
Nahi gabeko bakardadeaz ari zarete; zer esan nahi du termino horrek?
Nahi gabeko bakardadea ez da soilik bakarrik egotea, baizik eta bakarrik sentitzea; sentsazio hori beti da desatsegina eta babesik ez edukitzearen edo hurbileko pertsonarik ez edukitzearen pertzepzioa duen biztanleriaren parte batek pairatzen du. Bakardade hori ez dute soilik pairatzen familiarik edo lagunik ez duten pertsonek; askotan, jasandako aldaketa sozioekonomikoak eta bizitza-erritmoa direla-eta, bakardade hori senti dezakegu eta, are gehiago, gerta daiteke bakarrik sentitzea gure inguruan gutaz arduratzen diren pertsonak egonda ere bai.Ez da gauza bera bakardade-une bat edukitzea edo luzerako bakardadea izatea.
Batzuetan, gure bizitza-kidea galtzeak eragiten du bakardade hori; izan ere, hori da pertsona hauen kasua; alargun geratzen diren pertsonak; familia-unitatea apurtzen duten eta aurre egin behar dioten egoera berriaren aurrean babesgabe sentitzen diren pertsonak; beti bakarrik eta zoriontsu bizi izan diren pertsonak baina, erretiroa hartzerakoan eta zahartzerakoan, zailtasunak dituztenak egoera berrira egokitzeko. Hauek dira heldu zaizkigun adibideetako batzuk soilik baina nabarmendu nahi dugu denok paira dezakegula nahi gabeko bakardadea uneren batean, nahiz eta beste pertsonez inguratuta egon.
Une gogor hauetan, zer nabarmenduko zenuke?
Gure aburuz, bakardadearen detektagailuak jarri behar dira praktikan eta argi geratu da gure adineko askoren bakardadeari eta prekarietateari aurre egiteko konponbideak bilatu behar ditugula. Ematen du gizartea bat-batean esnatu egin dela arazo honekin, baina guk luzaroan salatu dugu egoera hau.Ikusi izan dugu egoitzen eredua ez dela berez erantzun bat, hau da, ez diela adinekoen premiei erantzuten; izan ere, bertan, adinekoak logeletan itxita daude; haien parte-hartze aktiboa mugatzen da eta kutsatzeko arrisku izugarria daukate.
Erakundeei beste eredu bat eskatu behar diegu, non adinekoak eragile aktiboak diren, gizarteari bere eskarmentua eta urteetan zehar pilatutako jakituria eskainiz; eredu bat non bere zahartzea kudeatu ahalko duten eta gizarteak hartzen dituen erabakietan parte hartuko duten.
Zuen ustez, nola eragingo dio pandemia honek start-up, ekintzaile eta ETEen egoerari?
Krisialdi honek sortu berri diren enpresa asko motelduko ditu; berrasmatu eta egoera berrira egokitu beharko gara. Horretarako, etorkizuneko egoera berriaren inguruan sakonki hausnartu beharko dugu, gure negozio-eredua pibotatuz, baldin eta uste badugu hemendik aurrera ez duela zentzurik izango, edo lagun dezaketen tresna teknologikoak bilatuz.
Gure enpresen estrategiak berregituratu behar ditugu eta aurrera egin gogo berberekin.
“Krisialdian jaiotzen dira asmamena, aurkikuntzak eta estrategia handiak” … “Krisialdia gainditzen duenak bere burua gainditzen du, gaindituta geratu gabe…” Albert Einstein
Nolakoa izango da CoBiziren etorkizuna?
Ez dakigu etorkizunak zer ekarriko digun; hala ere, CoBizi taldean, oso argi daukagu borrokatzen jarraituko dugula pertsona guztiek bere ametsak bete ditzaten, proiektu berriak abiaraz ditzaten, bere zaletasunez goza ditzaten eta bizitza osoago eta zoriontsuago bat izan dezaten.
Gure leloa “Hobe elkarrekin” da; BIZITZARI urteak gehitu beharrean, urteei BIZITZA gehitu nahi diegu.