BIC Bizkaia Ezkerraldean inkubatutako Bromalgae bioteknologia-enpresak “hiri-zuhaitz artifiziala” aurkeztu du, mikroalgekin iragazketa eginez isurketak murrizteko gai dena.

Metro kubikoko bolumena baino zertxobait handiagoa duen egitura bat da, metalez eta altzairuz egina, eta NOx gasak eta industria eta hirietako CO2-a murrizteko gai da, algen fotosintesi-prozesuari esker, iragazki biologiko gisa erabiltzen baitira horiek.

Bromalgaeko Kontseiluko presidente Guillermo Barredoren hitzetan, “hirietan eta egonleku publikoetan hobetu egingo da, zalantza izpirik gabe, arnasten dugun airearen kalitatea, mikroalga horien lan isilari esker; izan ere, ingurumena eta pentsamendu zirkularra bete-betean errespetatuz, lurrera itzultzen dira berriro, bio-ongarri gisa.”

Bromalgae etxeak adierazi duenez, ezaugarri hauek dituen zuhaitz batek ezabatu dezakeen berotegi-efektuko gasen kantitatea eta mila bat zuhaitz gaztek ezabatu dezaketena berdina da. Gainera, modelo txikiago bat ere diseinatu dute, 0,3 metro kubiko baino ez dituena, eta 250 zuhaitz gaztek luketen gaitasun bera du.

GarbiAir markarekin merkaturatuko dira zuhaitz horiek, Bromalgaeko arduradun Guillermo Barredok azaldu duenez. Proiektua ekainaren 22an, ostegunean, aurkeztu zen, BICen bertan, eta algen balioa azpimarratu zuten ekitaldian. “Mikroorganismo hauek balio handiko elementuak dira merkataritzaren ikuspegitik, eskaria eskaintza baino askoz handiagoa baita. Balio handiko sektoreetan erabil daiteke produktua, hala nola animalien eta pertsonen elikaduran, ikerketa farmazeutikoan, kosmetikan nahiz hidrogenoa lortzeko egitasmoetan “, azaldu zuten.

Zuhaitz mota hau berotze globala eta ozeanoen azidotzea eragiten duten isurien kontrako soluzioaren parte izan daitekeela dio enpresak. Horrez gain, diote gune publikoetako airea hobetzen lagunduko duela; esaterako, parkeetan, autoen aparkalekuetan, ikastetxeetan eta saltoki handietan.