Eusko Jaurlaritzak informazio-saio bat eskainiko du ETE-entzat eta udalentzat, apirilaren 28an, BIC Bizkaia Ezkerraldean, Next Generation-en Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren Europako funtsei buruz.
Saioa Ekonomia eta Ogasun Saila, Europako Ekonomia eta Funtsen Sailburuordetzaren bitartez, atzo, asteazkena, eskualdeko garapen agentzietan egiten hasi zen informazio-jardunaldien barruan sartzen da. Xedea da Next Generation Europako funtsei buruzko informazioa –eta funts horien funtsezko osagaiari buruzkoa, hau da, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari buruzkoa (SEM)– eskaintzea eskualde bakoitzeko ETE-ei, autonomoei eta udalei–.
Hala, Europako Ekonomia eta Funtsetako sailburuorde Iñaki Barredo, Kabinete eta Koordinazio buru Yurdana Burgoa eta Kohesio Politikako eta Europako Funtsetako zuzendari Juan Alberdi arduratuko dira horietara joaten diren pertsonei Eusko Jaurlaritzak duen informazioa emateaz.
Jardunaldiak atzo hasi ziren Durangaldea-Lea Artibain, eta, horrela, hasiera eman zitzaion hiru lurraldeetako informazio-saioen egutegiari, enpresa handiei, ETE-ei, profesionalei eta autonomoei Europako funtsei buruzko informazioa helarazteko eta haietarako sarbidea errazteko, beren proiektuak finantzatzeko aukera gisa aprobetxa ditzaten.
Era berean, jardunaldi horietan, irekitako deialdien berri zuzenean ezagutzeko tresna digitalen berri emango da, baita laguntzak eta dirulaguntzak jasotzeko aukera ere.
Ekimenaren helburua da Europako laguntza horiek Euskadiko ekoizpen-sarean sartzea eta SEMen funtsean jasotako eraldaketa ekonomikoa sustatzea.