BIC Bizkaia Ezkerraldeak Rafael Cantera Artiguez artista barakaldarraren “Memoria” eskultura erakusketa hartuko du ekainaren 30era arte. Pieza eskultoriko eta piktorikoen bilduma da, eta langilearen irudia aldarrikatu gura du, ez soilik borrokalari gisa, baita aberastasuna sortzen duen metalaren artisau gisa ere.

Erakusketa inauguratu da, eta bertan, artista barakaldarra Amaia Del Campo Barakaldoko alkatearekin batera egon da, eta industriarekin eta burdinarekin oso lotuta dagoen udalerriaren iragana ez ahanztearen garrantzia azpimarratu du. Canterak bi alderdi horiek irudikatu ditu bere lanetan. Era berean, babes osoa eman dio tokiko kultur sektoreari. Ekitaldian Joseba Goikuria BIC Bizkaia Ezkerraldeko zuzendari gerentea ere izan da.

Artistaren bizitza eta jarduera burdinarekin estu lotuta egon da eta dago. Lehenik, Ezkerraldeko metalaren sektoreko langile gisa; eta, orain, artista gisa, BIC Bizkaia Ezkerraldean inauguratu den erakusketan ikus daitekeen bezala, bere lana, eskultura zein pintura, azidoarekin tratatutako txapa bezalako materialetan oinarritzen du. Kartoizko, zeramikazko eta metakrilatozko pieza batzuk ere biltzen ditu erakusketak, eta baita zinkezko eta letoizko xaflen gaineko akuaforteak ere.

Artistak berak gaurko ekitaldian azaldu duenez, “iraganari begiratu gura izan diot “Memoria” lanaren bidez, Picassoren “Guernica” eta Langile Borroka erreferentziatzat hartuta. Ehundura desberdinak bilatuz eta txaparekin, kartoiarekin, zeramikarekin… jolastuz”.

Erakusketa datorren ekainaren 30era arte egongo da zabalik Ilgner eraikinean, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez eta asteburuetan aldez aurretik artistari berari deituta (688.61.71.52).