Euskadiko Lanbide Heziketako 570 ikasle inguruk Ikasenpresa Kongresuaren lehen edizioan parte hartuko dute datozen egunetan, “Izan ekintzaile!” leloarekin. Abenduaren 14an eta 15ean kongresua BIC Bizkaia Ezkerraldean izango da.

Lanbide Heziketako ikastetxeetan Ikasenpresa programan parte hartzen ari diren ikasleak izango dira guztiak. Ikasleen artean ekintzailetza eta ekintzaile kultura sustatzen ditu programa honek. Ekintzaile izaten, ekinez ikasten dute ikasleek programa honetan, erreminta metodologiko nagusia enpresak sortzea dutelarik.

Horrela bada, Ikasenpresa Kongresua ikastetxeetan ekintzailetza kultura lantzen ari diren ikasleen bilgune bihurtuko da datozen egunotan. Kongresuaren helburu nagusia da, sareko lankidetza sustatzea da. Horregatik, ikasleak –hainbat ikastetxetatik hurbilduak eta hainbat lanbide arlotakoak- elkarrekin lanean aritzeko elkartuko dira zenbait tailerretan parte hartzeko:

1 tailerra: Gure Ikasenpresa
Ikasleek labur azaldu beharko dute, minutu bakarrean, bere Ikasenpresa negozioaren ideia zein den

2. tailerra: Nire ametsa
Zein da zure ametsa? Zer egin nahi duzu? Zure ametsa nola bilakatu negozio-ideia

3. tailerra: Biziraupenerako finantzak
Negozio ideia bat aurrera eramateko oinarrizko finantza ezagupenak. Erronken bidezko lan-metodologia

4. tailerra: Nire lan mundua eraikitzen
Ikasleek beren lan mundua irudikatuko dute, nola ikusten duten euren burua etorkizun hurbilean, Lego Serious Play metodologia erabiliz.

5. tailerra: Ikasenpresa kafea
Ekintzailetza bizipenak ezagutzea, protagonisten ahotik: ekintzailetza soziala, enpresak sortzea, barne-ekintzailetza…

Hezkuntza Sailak honako erakunde hauekin lankidetzan antolatu du Ikasenpresa Kongresua: Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundiekin, Gasteizko Udalarekin eta Araba, Bizkaia-Ezkerraldea eta Gipuzkoako BICen laguntzarekin. Goizez izango dira saioak, 8:15etatik 14:15etara, honako egun eta leku hauetan:

Abenduak 12, asteartea. Gipuzkoa, Tabakalera. Donostia          111 ikasle
Abenduak 13, asteazkena. Gipuzkoa, Tabakalera. Donostia      128 ikasle
Abenduak 14, osteguna. Bizkaia, BIC Ezkerraldea, Barakaldo   111 ikasle
Abenduak 15, ostirala. Bizkaia, BIC Ezkerraldea, Barakaldo.      100 ikasle
Abenduak 18, astelehena. Araba, Europa Jauregia, Gasteiz.     120 ikasle

PROGRAMA DESKARGATU

Zer da Ikasenpresa programa?

Ikasenpresa ekintzailetza kultura sustatzea helburu duen hezkuntza-programa bat da. Ikasleek, ekinez ikasten dute ekintzaile izaten programa honetan. 2005 ikasturtean sortua Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzatik, Tknikatik koordinatzen da (Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Zentrotik). 2017-2018 ikasturte honetan Ikasenpresa Euskadiko 78 ikastetxetan ari da aplikatzen, 4.500 ikasleren parte hartzearekin.

Horretarako, enpresa-sorkuntza erabiltzen da ikaskuntza-tresna gisa, ikasleen konpetentziak garatzeko helburuarekin, eta haiek profesional onak bihurtzeko, pertsona aktibo eta ekintzaileak, lan-merkatu aldakorrari eta ezegonkorrari aurre egiteko gai izango direnak. Ikasleek autoenplegua ere aukera gisa ikus dezaten  sentsibilizatzea ere bada Ikasenpresaren helburua.

Ikasenpresak hezkuntza-testuinguru berritzaile bat sortzen du eta ikaskuntza-metodologia batik bat praktikoa erabiltzen du, ikasleak gero lan-merkatuan aurrean izango dituzten egoera edo arazoei aurre egitera behartzen dituena.

Ikasenpresa programa Euskaditik kanpora ere hainbat aitormen jasotzen ari da. UNESCOren Unevoc zentroak (Heziketa tekniko espezializatu eta profesionalerako UNESCOren zentroak), Etorkizun Handiko Praktika gisa hautatu du programa. Txileko Santiagoko Unibertsitateko Lanbide Heziketako zentroak, Tknikan prestakuntza jaso ondoren, Ikasenpresan oinarritutako programa bat ari dira ezartzen euren ikastetxeetan. Azkenik, joan den azaroan, Ikasenpresa programaren material didaktikoak I-LINC komunitatearen Jardunbide Egokien Lehiaketan aitormena jaso du. (I-LINC enplegagarritasuna, ekintzailetza eta konpetentzia digitalen alorretan interesa duten Europako eragileak harremanean jartzen dituen plataforma irekia da).