Enpresa inkubatuei zuzendutako jardunaldiak hazkunde-faseetako lege-erronka nagusiak landu ditu, eta BIC Bizkaia Ezkerraldeko komunitatearen barruan esperientziak partekatzeko eta harreman berriak sortzeko aukera eskaini du.

Barakaldon, 2026ko apirilaren 30ean. BIC Bizkaia Ezkerraldeak jardunaldi bat egin du Ilgner eraikinean, bere enpresa inkubatuei zuzenduta, hazkunde-fasean dauden startupek aurre egin behar dieten lege-erronka nagusiak lantzeko.

Saioaren helburua izan da proiektuetako arduradunei tresna praktikoak eskaintzea, euren garapena segurtasun handiagoz bideratu ahal izateko. Horretarako, hainbat gai landu dira, besteak beste: bazkide-itunak, inbertsio-prozesuak, talentua erakartzea eta fidelizatzea, taldeentzako pizgarri-sistemak —stock options edo phantom shares, esaterako— eta kontratazioarekin lotutako lege-alderdiak.

Jardunaldian, BIC Bizkaia Ezkerraldearen aholkularitza eta mentoretza programa ere aurkeztu da. Programa horren bidez, enpresa inkubatuei laguntza espezializatua eta banakako aholkularitza eskaintzen zaie, beren garapen-prozesuan bidelagun izateko.

Topaketa networking gune batekin amaitu da. Bertan, parte-hartzaileek esperientziak partekatzeko, harremanak sendotzeko eta lankidetza-aukera berriak sortzeko aukera izan dute, lurraldeko ekintzailetza-ekosistemaren barruan.

Ekimen honen bidez, BIC Bizkaia Ezkerraldeak berretsi egiten du Ezkerraldeko, Meatzaldeko eta Enkarterriko enpresa berritzaileen sustapen eta sendotzearekiko duen konpromisoa, pertsona ekintzaileei beren proiektuen hazkunde-faseetan lagunduz.