Barakaldoko Udalak, Tech Friendly eta Vodafonerekin elkarlanean antolatuta jardunaldi bat egin zen atzo, “Hiria eraldaketa digitalaren erronkaren aurrean” lelopean, eta bertan Estatu osoko Smart City esperientziak aztertu ziren. 200 pertsona inguruk hartu zuten parte BIC Bizkaia Ezkerraldean modu erdi-presentzialean egin zen jardunaldian. Barakaldon bildu ziren, besteak beste Bartzelonako, Bilboko edo Malagako “smartizazioaren” arduradunak, eta agerian geratu zen hiri-garapen iraunkorrari eta ezagutzaren gizarteari lotutako Smart City estrategia bat izatearen garrantzia.
Jardunaldi horri esker, hirietarako alderdi berritzaileei buruzko baterako hausnarketa erraztuko duten ezagutzak partekatu ahal izan dira, tokiko estrategia adimendunean ezagutza batera sortzea eta hirien arteko sareko lanaren balioa bultzatzea, besteak beste. Irekierako hitzaldian, Estibaliz Hernáez Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketako sailburuordeak hau adierazi zuen: “Smart soluzioek eremu geografikoen plangintzaren, diseinuaren eta kudeaketaren bilakaera erakusten dute, pertsonen bizi-kalitatea eta hiri-ingurumena hobetzeko helburuarekin”.
Modu berean, irekiera-ekitaldian sailburuordearen lekukoa hartu zuen Amaia del Campo Barakaldoko alkateak azpimarratu zuenez, “teknologia berriek hiri-kudeaketa hobetzeko duten potentziala da, zalantza barik, udalok aurrean dugun erronka nagusietako bat, egungo ziurgabetasunak murrizteko eta, aldi berean, aldaketa global gero eta bizkorragoei aurrea hartzeko gaitasuna handitzeko”.
Alkatearen agerraldiaren ondoren, Tech Friendly-ko Gonzalo Pellejerok hiri adimendunei buruz hitz egin zuen, modu dokumentalean egindako aurkezpen original batekin, bertan teknologiaren eta hirien iragana, oraina eta etorkizuna aztertu zituen, “ondo definitu behar da zein den gure arazoa, plataformek ez digute bizitza konponduko, ezta munduko gosea eta bakea ere, tresna hutsa dira, adimena guk jartzen dugu, zer behar dugun jakin behar dugu”, adierazi zuen.
Aurkezpenen ondoren bi mahai-inguru etorri ziren. Digitalizazioa hiriko aktibo gisa eta Smart City zentzudunak izeneko gaiei buruz eztabaidatu zen, eta Tech Friendly izan zen moderatzailea. Amaia del Campo alkateak itxi zuen bilera, eta Smart hirien arteko lankidetza eta ezagutza sarea izatearen garrantzia azpimarratu zuen.