Luse ingeniería, robotika eta automatizazio ingeniaritzan aritzen den eta BIC Bizkaia Ezkerraldean sortu zen enpresak “Honesty Day” ekitaldia, negozioetan zuzentasunez, zintzotasunez, aritzeari buruz hitz egitean oinarritzen den lehen topaketa, egingo du datorren astelehenean, otsailaren 11n. Rafael Luquin, Luse Ingeniería enpresako Founder & CEOak, BIC Bizkaia Ezkerraldean egingo den jardunaldia zer izango den azaltzen digu, eta baita Ezkerraldeko Enpresa Garapenerako Zentroan egon izanak eurentzat izan duen esanahia eta garrantzia ere.

Zelan definitzen duzu LUSE eta zertan aritzen zarete?

Luse Ingeniería, 2007an BIC Bizkaia Ezkerraldean sortu zen enpresa da. Robotika eta automatizazio ingeniaritza enpresa da. Automatizazio ingeniaritzan aritzen gara, gure produktuak garatuz. Gure produktu nagusia biltegi robotizatuak dira, farmazietarako batez ere.

Zelan sortu zen ekiteko ideia?

Ideia aurreko lan batetik sortu zen. Bi bazkideak automatika eta elektronika industrial ingeniariak dira, eta robotika enpresa batean egiten genuen lan. Garai hartan izan genuen lehen harremana biltegien automatizazioarekin eta farmazien biltegiekin. Uste dugu ekitea pertsonen izateko moduarekin doala. Gure kasuan, gure lana sortzeko eta merkaturako zerbait propioa sortzeko ideiak erakartzen gintuen.

Zerk bereizten zaituzte gainerakoetatik?

Estatuko fabrikatzaile bakarrak gara, eta, batez ere, gure bereizgarri nagusia, dena neurrira egiten dugula da. Gure lehiakide guztiak, enpresa banatzaileekin tratuak dituzten robot alemanak dira, eta gure kasuan fabrikatzaileak gara instalazio eta salmenta osteko zerbitzu guztia ematen dugunak. Horrek zerbitzu hobea eta askoz azkarragoa emateko aukera eskaintzen digu. Garatu dugun produktuak, estandarizatua balitz bezala neurrian garatzeko aukera ematen digu. Entregatzeko epe eta prezio berberak eskaintzeko aukera ematen digu, baina farmaziaren beharretara %100ean egokituz.

Zer izan da zuentzat BIC Bizkaia Ezkerraldean egotea?

Guretzat BIC Bizkaia Ezkerraldea dena izan da. Eurak gabe ez genuen irteterik lortuko. Gainera, gure kasuan ezinbestekoak izan ziren, merkatuan sartzea asko kostatu zitzaigulako. Erabateko laguntza eman ziguten, behar genituen ikastaroak, aholkuak, etab. Uste dut horrelako enpresa gehiago behar direla.

Beste ekintzaile batzuei BICen egotea gomendatuko al zenieke?

Jakina. Are gehiago, ez dugu gomendatzen enpresa bat sortzea BICetik igaro barik. Hasierako une horietan, edozein laguntza ona da, eta eurak asko dakite enpresak muntatzeari buruz. Enpresa askok sortu diren unean izan duten bilakaera ikusi dute, eta gehien behar duzun lekuan laguntzen dakite.

Gainera, gehienetan, sortzean, ideiaren alde teknikoa ezagutzen duzu, baina ez dakizu alderdi burokratikoari ezer, eta horretarako oso lagungarria da.

 

Datorren astelehenean lehenengo Honesty DAY izenekoa ospatuko da BIC Bizkaia Ezkerraldean. Zer da?

Honesty dayren helburua negozioetan zuzentasunez aritzeari balioa ematea da. Gaur egun, ikastaro guztiak salmentei eta errentagarritasunak hobetzeari buruzkoak dira, eta uste dut oso gutxi hitz egiten dela zuzentasunari eta gizarteari zerbait ona emateko ahalegina egin behar izateari buruz. Azken finean, jendeak guri gertatu zitzaiguna bizitzea eta ulertzea gura dugu. Hasieran, dirurik ez daukazunean eta fakturatzen hasteko grinaz zaudenean, pertsona batzuek negozio proposamen ez oso zuzenak egiten dizkizute, baina oso erraza da tentazioetan erortzea, hasiera batean ekintzaileak nahi duen gauza bakarra aurrerantz irtetea delako, eta ekintzaileok hasieran dugun obsesio horretaz baliatzen dira. Guri ere hori gertatu zitzaigun, baina nahi genuen horretan lanean jarraitzeko eta gure lan egiteko filosofia markatu diguten pertsonak ezagutzeko zorte izugarria izan genuen. Eman gura dugun mezua da oso garrantzitsua dela zuzena, zintzoa, den norbaitek gidatzea, eta baita pertsona hori mirestea ere, horrek bide onetik eramango zaituelako, eta ez dagoelako errentagarri izatearekin kontrajarrita.

Eta guk pertsona horien partaidetza bilatu dugu, jendeak euren pentsatzeko erak eta historiak ezagutu ditzan.

Beste alde batetik, esklerosi anitzaren elkarteari ikusgaitasuna ere eman gura diogu.

Nork hartuko du parte?

Luxuzko kartela prestatu dugu. Lehenengo, Amaia del Campo (Barakaldoko alkatea) eta Alex Arriola (Spriko Zuzendari Nagusia) ditugu.

Ondoren, Esklerosi Anitzeko elkartea aurkeztuko du Pedro Carrascalek (Esklerosi anitzeko pazienteen Europako plataformaren presidentea)

Eta amaitzeko, jadanik, mahai ingurua izango dugu, kide hauekin:

· Enrique Ordieres –  CINFAko presidentea.

· Jordi de Dalmases – Bartzelonako Farmazialarien Elkargoko presidentea, Consell de Farmaceutics de Catalunyako presidentea eta Espainiako Farmazialarien Kontseilu Nagusiko presidenteordea.

· Carolina Pérez Toledo, CEBEKeko presidenteordea, Bizkaiko emakume enpresarioen eta zuzendarien presidentea eta Learnlight Bilbaoko zuzendaria.

· Erlantz Gorostiza, M.B. Ritz Carlton Abama Tenerifeko sukaldaria, 2 michelín izar dituena.

· Maider Unda, domina irabazlea London 2012an – Basque Team.

· Eider Etxebarría, Forbes 30 under 30, Bizipozeko bazkide sortzailea.

Zergatik hartu zenuten Honesty DAY bat antolatzeko erabakia?

Batez ere, uste dugulako oso ona dela jendeak mundu profesionalean zuzentasun gehiago egotearen inguruan kontzientzia izatea, zuzena, zintzoa, izanda goi mailara hel daitekeela ikus dezan. Beste alde batetik, gure bidean aurkitu dugun jendearekin izandako gure esperientzia pertsonalean eta profesionalean bizi izan duguna, gu duela urte batzuk geunden egoeran dauden ekintzaile guztiek ezagutu beharko lituzketen balioak direla uste dugu, eta, horretarako, onena horietako batzuek bertaratuei zuzenean azaltzea da.

Nondik sortu zen ideia?

Ideia, zenbait ekitalditan beste ekintzaile batzuekin izandako solasaldietan sortu zen. Solasaldi horietan konturatu ginen guk jaso genuena transmititzeak oso harrera ona jasotzen zuela. Horregatik, uste dugu hasten ari diren guztientzat oso ona dela oso zuzentasun markatua duen erreferente bat izatea, hau da, idolo zuzen, zintzo, bat izateak, zuzenago bilakatzen zaitu, eta hizlari horiek elkartuta, bakoitzak bere balioen berri eman dezan, erantzukizuneko postuak dituzten ekintzaileek euren erabakietan eta jarduteko moduan erreferentzia gisa har ditzaten.

Zer lortu nahi duzue horrekin?

Guretzat oso atsegina izango litzateke jendeak, guretzat oso garrantzitsuak izan diren pertsona horiek transmititu dizkiguten printzipioak barneratzea. Jendeak “tabernako solasaldietan” hitz egiten duenean, ekintza zintzoez harro egotea gura dugu, zuzena, zintzoa izateagatik leloa ematen duzulako isilik gelditu beharrean. Erabakia, egokia edo okerra bada ere, pertsonaren iritziz une horretan erabaki zuzenena, zintzoena, izan dadin.

Zuen iritziz, zuzena izanda urrun hel daiteke?

Baietz uste dugu, eta gero eta argiago, gainera. Guretzat, errentagarritasuna eta lehiakortasuna ez daude zuzentasunarekin, zintzotasunarekin, kontrajarrita. Izan ere, uste dugu epe ertainean hobea dela, gaur egun, lan munduan aurrera egiteko dagoen abiadura ikusita, oso garrantzitsua delako zure inguruan daudenei konfiantza transmititzea, zugan konfiantza izan dezaten. Eta, azkenean, jende guztiak gehiago erreparatzen dio pertsona zuzenari, zuzena ez denari baino. Horregatik, uste dugu lehiakorragoa eta errentagarriagoa dela zuzena izatea ez izatea baino eta, ondorioz, urrunago heltzen dela zuzena izanda ez izanda baino. Eta, gainera, horrek ez du esan nahi lehiakortasuna alde batera utzi behar denik.