Fernando Bazeta (Bilbo, 1965) Bilboko itsasadarrari prisma protagoniko batetik begiratzen dion artista da. Margolariarentzat, Itsasadarra, denboraz kanpoko lekuko bat da, bere ziklo naturala jarraitzen duen eta nekaezin mantentzen den elementu bat, bere inguruko eraikuntzak, halabeharrezko eraldaketa batean murgiltzen diren bitartean. Irailaren 9an, Bazetak “Urdin – Itsasadarraren geografiak” erakusketa inauguratu zuen Ilgner eraikinean (BIC Bizkaia Ezkerraldea).

 

Hasi gaitezen atzera begira. Zelan sortu zen Fernando Bazetak artearekiko duen interesa?

Uste dut txikitatik, lehen “parbulitoak” deitzen zen horretan, askotan margotzen aritzen nintzela gogoratzen dut. Naturala zen, nire buruaren hedapen bat bezalakoa. Eta gero, institutuko klase ordu amaigabe eta aspergarrietan, konturatu nintzen marrazteak “sendatu” egiten ninduela eta erdi mailako ikasketen zama eramaten laguntzen zidala.

Zelan definituko zenuke zure pintura?

Formaren ikuspegitik figuratiboa da. Eta uste dut ez dudala gehiago bilatzen. Ez naiz hiperrealista izaten saiatzen, ezta nire pinturari azalpen erretorikoak bilatzen ere. Batez ere niretzat margotzen dut.

Zergatik gailentzen dira paisaia eta hiria zure lanetan?

Uste dut egunero ikusten dudalako dela. Hiriak, kaleek, errepideek eta hiri-altzari guztiek osatzen dute nik “atzeko oihala” deitzen dudan hori, eta horren bitartez mugitzen eta bizi gara. Oihal horrek aztarna emozionala uzten du nigan, eta nolabait hori islatzen saiatu behar dudala dirudi.

Zein da, funtsean, zure margolanen inspirazio-iturria?

Ezin dut antzeman. Ez dakit zein izan daitekeen. Leku jakin batzuetan uneak harrapatzen saiatzen ari naizela uste dut, seguru asko kasualitatez han nengoelako edo nonbait ikusi dudalako, irudiren batean, argazkiren batean, etab.

Ba al dago zuretzat garrantzi berezia duen margolanik?

Margolana egiteko unean, hori da garrantzitsuena. Gero, amaitu ostean, ikuspen pertsonal bihurtzen da, eta nolabait esan dezakegu emozionalki nire buruan eta fisikoki karpeta batean gordeta geratzen dela. Egia da artelanen batek beste batek baino gehiago gogobetetzen nauela, bertan “une hori” irudikatzea lortu dudalako. Beste batzuk, berriz, berriro noiz hartuko ditudan zain geratzen dira, eskuetatik joan zaizkidalako, beste bide batetik joan direlako.

“Itsasadarraren Geografiak” erakusketan, itsasadarra bera da epizentroa, baina inguruko hiri-paisaia da ikusleari arreta ematen diona. Zer da benetan islatu nahi duzuna?

Itsasadarra atzeko fondo horren zati garrantzitsu eta zehatza da. Haren irudiak eta aldaketak nire erretinan eta gogoan daude. Haurtzaroan, parkeko geltokian trena hartu eta Areetako hondartzara joaten ginen, eta ia ibaikoa zen ibilbide hartako zenbait parteri leihatilatik begiratzen nien. Denboran jauzi eginez, Arte Ederrak ikasten ari nintzen Leioan, bost urtez, eta autobusak egunero hartzen zuen itsasadarreko errepidea, eta berriro ere eserlekutik begiratzen nion. Eta orain, irakasle moduan, Leioatik Bilbora itsasadarreko errepidetik itzultzen saiatzen naiz. Atzeko fondo hori beti da ezberdina.

Erakusketa ugari egin dituzu eta artearen munduarekin lotura estua izan duzu. Orain EHUko irakaslea zara. Zer bihurtu da pintura zuretzat?

Eskerrik asko erakusketa ugari esateagatik, baina ez dira hainbeste. Agian esan dezakedana da, mila aldiz entzundako zerbait dela, baina margotzea terapia da, gauzak galdetzea eta erantzuna bilatzea, mundua ulertu gura izatea da, galdera horietara pixka bat baino ezingo zarela hurbildu jakinda.

Zein da zure sormen-prozesua?

Uste dut margotzea ekintza konplexua dela, eta aurretiko beste ekintza txiki asko behar dituela. Horrela hasten dela uste dut, irudi bat nire erretinan geratzen da, atentzioa deitzen dit eta artxibatu egiten da margotzen hasi arte. Normalean argazkiak egiten ditut, baina gehien gustatzen zaizkidan irudiak ez dira nireak, beste iturri batzuetako irudiak dira, ez dira nireak bezalakoak, horregatik uste dut harritu egiten nautela eta “adoptatu” egiten ditudala.

Proiektu berririk ba al duzu esku artean? Erakusketarik? Helarazi nahi diguzun berririk?

Orain ez. Ikasturtea hasten ari gara, orain ahalegin guztia akademikoa da.