Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Eskualdeko Plan Estrategikoaren aurrerapenak azaldu zizkioten atzo, asteazkenean, Enkarterriko Talde Eragileari. Eskualdeko Mankomunitateak eta 11 udalerrik –Alonsotegi, Artzentales, Balmaseda, Galdames, Gueñes, Gordexola, Karrantza, Lanestosa, Sopuerta, Turtzioz eta Zalla– osatzen dute talde hori. Planean jasotako jarduketen % 100 dago hasita, eta 11,7 milioi euroko inbertsioa egin da 2021ean.

Plan Estrategikoa 2021eko ekainean onartu zen; guztira, 56,8 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du 2023ra bitartean, eta Enkarterri sozialki eta ekonomikoki suspertzeko xedea du. Bizkaiko Foru Aldundiak 32,8 milioi euroko ekarpena egingo dio planari, eta Eusko Jaurlaritzak 24 milioikoa. Eskualdeko udalekin eta enpresa- eta gizarte-eragileekin batera kontrastatu eta diseinatu da plana, partaidetza-prozesu bizi batean.

Jarduketak sei proiektu motoretan multzokatuta daude: barne- eta kanpo-mugikortasuna hobetzea, trenbide-azpiegitura eta -zerbitzua batez ere; aktibo turistikoak eta kulturalak elkarrekin lotzea; hezkuntza/lan arloa integratzea; banda zabala hedatzea, landa-eremuak digitalizatzeko; enpresa-guneak sortzea; eta bioekonomia sustatzea. Betearazpen-mailak desberdinak dira, haien konplexutasunaren arabera, eta eskuduntza-esparruen eta bete beharreko prozedura tekniko eta administratiboen arabera.

Trenbide- eta bide-azpiegiturei dagozkien jarduketen barruan, metroaren 4. linea zabaltzea eta gerora hedatzea aurreikusten da, baita trenbide-sarea aztertzea ere, eskualdean maiztasunak hobetzeko jarduketa-proposamenak egiteko. Halaber, Malabrigo-Traslaviña 9 kilometroko zatiaren jarduketa amaitzea dago aurreikusita, BI-630 errepidean. 2022aren amaieran La Herrera-Malabrigo zatia hasteko asmoa dago.

Bestalde, turismo- eta kultura-jarduerekin zerikusia duten jarduketen artean, honako hauek nabarmendu daitezke: autokarabanentzako bost parking egitea (Artzentalesen, Balmasedan, Karrantzan, Lanestosan eta Sopuertan); bizikletak garbitzeko 15 gune eta ibilgailu elektrikoentzako karga-guneak instalatzea eskualdean; sormenaren eta kulturaren arloko industria-gune bat sortzea Zallan; eta La Encartada Museori balioa ematea.

Era berean, lan- eta hezkuntza-munduen arteko harremanari dagokionez, tailerrak eta laborategiak martxan jartzen ari dira, zibersegurtasunekoak, elektromugikortasun adimentsukoak, 3D inprimaketakoak, etxebizitza adimentsukoak… Helburua lanbide-heziketa sendotzea da, eta tailer horiek ekintzaileen, enpresen eta erakundeen esku jartzea.

Landa-eremuak digitalizatzeari dagozkion jarduketak aurrera doaz. Banda zabala eraman da 8 udalerritako 664 etxebizitza sakabanatutara, eta zerbitzu digital bat garatu da, euskal administrazio publikoek erabil dezaten (trafikoa, URA, udalak…), enpresa pribatuentzat funtzionalitate berriak gehitzeko aukera eta guzti.

Azkenik, industria, ekintzailetza eta jarduera eraldatzaileak sustatzeko jarduketen alorrean ere aurrerapausoak egin dira. Zehazki, eskualderako Elkartegi bat eraikitzeari eta Enkarterri bioekonomiaren erreferentzia-gune bihurtzeari dagokienez. Azken horren kasuan, 3 jarduketa-eremu abiarazi dira: industria-egitasmoak erakartzea, ekintzailetza eta trebakuntza, eta bioekonomia dinamizatzea biomaterialetatik eta diseinutik abiatuta.

Ekintza horiek finkatu dira 2021-2023 aldi honetarako, eta etorkizunean beste batzuk zehaztuko dira. Horiekin guztiekin lan egiten da, konponbidea emateko udalerrietan identifikatutako arazo komunei: industria eta eskualdeko baliabideei balioa eransten dioten jarduera eraldatzaileak sustatzea; turismoa eta kultura dinamizatzea, aukerak sortzeko eta eskualdearen jasangarritasunaren alde egiteko sektorea den aldetik; kolektibo zaurgarrien gizarte- eta lan-integrazioa indartzea; eremu zaurgarriak berreskuratzea; enpresa-gune berriak aktibatzea edo/eta Enkarterri barruko loturak sendotzea, baita eskualdeak Lurralde Historiko osoarekin dituenak ere.

Proiektu estrategiko horien garrantzia dela-eta, tartean dauden erakunde guztiek (Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Enkarterriko udalek) errepikatu hartu dute horiei bultzada emateko eta jarduketen abiarazte-izapideak arintzeko, beren eskumenen esparruan.