3D inprimagailua garatu duzuen Euskadiko lehenengo enpresa zarete. Zelan sortu zen ideia?
Ideia 2016ko biurtekoan sortu zen, azokan atzera eta aurrera genbiltzala. Teknologia hori erabiltzen zuen makina bat ikusi genuen, eta, makinatik irten eta berehala funtzionala den metalezko pieza bat inprimatu ahal izatearen ideia liluragarria iruditu zitzaigun. Horrelako bat aurrera eramateko gaitasun teknikoa genuela ikusi genuen, eta horri ekin genion, besterik gabe.
3Dmetal inprimagailuak egiten dituzue industria aplikazioetarako. Zer da, zehatzago esanez?
Makina berez, SLM (Selective Laser Melting) teknologia duen 3D metal inprimagailua da. Fabrikazio aditibo teknika horretan, metalezko hauts geruza finak gehitzen dira, ondoren, laser baten bitartez, geruzaren gune jakin batzuk modu selektiboan urtzeko.
Lehia handia ikusten al duzue sektorean?
Lehia handia baino gehiago, ikusten duguna, lehiakideak oso indartsuak direla da. Gaur egun teknologia hori garestia eta esklusiboa da, eta oso fabrikatzaile gutxi dago, eta gehienak multinazional handiak dira. Teknologia hori garatzen duen hain enpresa txikia izateak nolabait exotiko bilakatzen gaitu.
Gainerakoek eskaintzen ez duten zer eskaintzen duzue?
Beste ezer baino lehen, azpiegitura gastu txikiagoa dugun oso enpresa txikia gara, eta hori prezioan nabaritzea nahiko genuke. Uste dugu, ahal dugun neurrian, teknologia horren prezioa sozializatu dezakegula.
Beste alde batetik, ez gaude beste batzuen softwarearen mende, eta gaur egun enpresa handiagoek ematen ez duten eduki askotarako sarbidea ematen dugu, material eta gas berrien parametrizazioa edo inprimaketa ibilbide desberdinen sorkuntza, adibidez. Puntu hori interesgarria da hauts edo gas hornitzaile bilakatu nahi duten enpresentzat, euren hautserako edo gaserako inprimaketa parametroak enpresara zehaztasun handiagoarekin doitzeko aukera ematen baitu.
Zein da zuen hurrengo erronka?
Argi dago erronka teknikoak daudela, horiek beti baitaude hor, abiadura, inprimaketaren kalitatea, akabera, erabilgarritasuna eta makinaren interekonexioa hobetzea, besteak beste.
Hala ere, une honetan dugun erronka nagusia makinaren produkzioa eta komertzializazioa abiaraztea da.
Zer esan nahi du zuentzat Makina Erremintaren Azokaren biurtekoan parte hartzeak?
Une honetan prototipo komertziala abiarazten ari gara, eta 2019an lehenengo modelo komertziala atera nahi dugu, baina horretarako oso ondo koantifikatu behar ditugu eskaria eta behar ditugun baliabideak.
Biurteko azokan parte hartzea funtsezkoa da eskari hori behar bezala neurtzeko. Bultzatu egingo gaituzten bezeroak bilatzen ditugu, teknologia hori fabrikazio kostuaren truke eskura dezaketen enpresak edo zentroak, garapenaren beta fasea jasatearen truke.
Beste alde batetik, “preorder” zerrenda irekiko dugu, 2019an makina berria eskuratzeko izena eman nahi duten enpresentzat, makinaren azken prezioarekin alderatuta beherapen garrantzitsua izango duen prezioarekin.
Zergatik erabaki zenuten ekintzailetzari ekitea?
Proiektu bat aurrera atera nahi bagenuen, enpresako bazkide bakoitzak, modu pertsonalean, jarritako inbertsioaz gain, laguntza gehiago behar genuen. Ekintzailetzari ekitea da hori lortzeko modu bakarra. Zure proiektuaren alde ekintzailetzari ekiten ez badiozu, ez du inork egingo.
Jendea gauza bera egitera animatuko al zenukete?
Inolako zalantzarik gabe, esperientzia bikaina da.
BIC Bizkaia Ezkerraldeko gure instalazioetan zaudete inkubatuta. Jendeari bere proiektuak BICen garatzea gomendatuko al zeniokete?
Jakina. Ez kalitate-prezio erlazio bikaina duten instalazio paregabeengatik bakarrik, batez ere bertan lan egiten duen jendearen laguntzarengatik eta zure esku jartzen duten kontaktu eta programa sarearengatik. Horregatik izan ez balitz, inolaz ere ez ginen heldu garen lekura helduko.