Guillermo Barredok (Bilbo, 1947) Zuzenbidea eta Ekonomia ikasi zuen Deustun. Nazioarteko zuzendari izan zen SPRIn lau urtean. Ondoren, Iberduerora jo zuen, gerora Iberdrola izango zen enpresara. Iberdrolan zela, IBVn lan egin zuen zenbait urtean, BBVAk eta Iberdrolak elkarrekin duten sozietatean, eta industria-talde handia sortu zen horrela; Gamesa ere barnean zen, esaterako. Hainbat postu bete zituen han, eta haren azken proiektua Frantzian enpresaren ordezkaritza bat sortzea izan da.
Nola hasi zen Bromalgae?
Erretiroa hartu nuen, eta, orduan, Iberdrolan nenbilela gurekin lankidetzan aritu zen lagun zahar batek, Douglas Charltonek, ingurumena zaintzera bideratutako enpresa bat sortzeko gonbita egin zidan. Iparramerikarra da Douglas. Geologoa da, eta oso sartuta dago start-upen munduan. PBI izeneko sozietate bat sustatu zuen, ingurumen-arazoei sistema kimiko eta biologikoekin irtenbidea bilatzen hasi ziren lehen enpresetako bat. Europar Batasunaren laguntza bat lortu genuen, eta, 2018an, abian jarri genuen Bromalgae. Enpresa sortzeko teknologia, hasiera hartan, amerikarrek laga ziguten, bai ikuspegi teknikotik eta bai ikuspegi finantzariotik. Gerora, enpresa garatzean, kapital-zabaluntza egin genuen, eta pertsona gehiago hasi ziren gurekin lanean; horrez gain, laga ziguten teknologian ere, gauza dezente aldatu genituen.
Zertan aritzen zarete?
Errekuntzan sortzen diren gasak biltzen ditu Bromalgaek. Prozesu kimiko bat egiten dugu gas horiekin; zenbait ezpurutasun garbitzen dizkiegu, eta tenperaturak jaitsarazten ditugu, Scrubbers izeneko iragazki batzuen bidez. Gero, gas horiek fotobiorreaktore batera doaz, tanke moduko batera. Mikroalgak daude tanke horretan. Fotosintesi-efektua dute mikroalga horiek, eta NOx gasak jaten dituzte, ia erabat suntsituz. Prozesuren amaieran, CO2-aren zati bat eta oxigenoaren soberakina atmosferara askatzen dute. Gero, mikroalga horiek atera eta lehortu egiten dira, eta hainbat erabilera ematen zaizkie. Ongarri gisa, kosmetikagintzarako, elikadurarako… balio dezakete. Diru apur bat lortzen da hortik. Horrela, atmosfera garbitzeaz gain, inbertitzaileari ere aukera bat ematen diogu, mikroalgen salmentaren bidez.
Prozesua egiteko erabiltzen ari garen sistema bat hiri-zuhaitz artifiziala da, eta zuhaitz hori gai da mila bat zuhaitz gaztek suntsituko luketen berotegi-gasen kopuru bera suntsitzeko.
Zer helburu zenituzten hasieran?
Gure helburu nagusia teknologian zorroztasun handiagoz lan egitea zen. Ikusi genuen ezinezkoa zela betiko fotobiorreakorea erabiltzea enpresa batean, ez baitago lekurik. Horregatik, tratamendu guztia bertikalean egitea pentsatu genuen. BIC-en kanpoaldean dugun zuhaitzari dagokionez, enpresetarako pentsatu genuenaren emaitza izan zen. Pentsatu genuen hiri-ingurune batean kokatutako fotobiorreaktore batek, batik bat zuhaitz ekologikoak landatzea ezinezkoa denean (zirkulazio handiko guneetan, esaterako), funtzio garrantzitsua izango zuela gizartearen eta osasunaren ikuspegietatik.
Gainera, ideiak garapena izan dezake ondorenean ere; tuneletan edo gainazal handiagoetan jar daiteke, edo eredu hori hainbat neurritan egin daiteke, etab. Beraz, gure helburua teknologian irabaztea zen, hainbat elementu eraikitzeko eta, horrekin batera, gure taldea osatzeko; izan ere, garrantzitsua da algak eta horien erabilera ondo ezagutzen dituzten pertsonak izatea taldean. Horrez gain, gure azken helburua errekuntzaren ondoriozko gasak suntsituko zituen enpresa bihurtzea zen, biorremediazio-enpresa bat izatea.
Bete duzue helburu hori?
Bai, zuhaitzaren erreplika bat badaukagu enpresan, eta oso emaitza onak lortu ditugu CO2-aren beheratzean, NOx gasen kasuan gutxiago, hemen kutsadura ez baita horren handia. Laster kanpoan zuhaitz gehiago ezartzea espero dugu, eta ikusiko da zer emaitza datozen.
Hala ere, polikiago goaz industriaren munduan, horrelako gauzetan urrunago baitabil. Zenbait enpresarekin hizketan ari gara, planta pilotu bat jartzeko. Eduki genuen bat Zabalgarbin, Bizkaiko hiri hondakin solidoak tratatzen diren gunean; eta hondakin asko eta konplikatuak dira tratamendurako. Bete beharreko hainbat arau ezarri zizkiguten, baina oso emaitza ona lortu zen, bai NOx gasen eta bai CO2 gasen beheratzeri dagokionez.
Teknologiaren egokitzapena ere kostatu egin zaigu. Orain, garapen-fase batean gaude, funtsak bildu eta horien bidez taldea handitzeko unean, eta, bereziki, ekipamendu teknologiko zenbait erosteko fasean.
Zer proiektu dituzue etorkizunerako?
Etorkizunari begira, gure proiektuak zuhaitz horien eraikuntza dute oinarri, ikuspegi hiritar batetik. Jada kontsultak egin dizkigute zenbait erakundetatik, hala nola Eivissatik, Kordobatik, etab. Horrez gain, Bilboko Udalarekin eta Barakaldokoarekin ere hizketan ari gara. Industriaren arloan, zenbait enpresarekin hizketan ari gara, eta produktu modular bat ari gara eskaintzen horiei. Hau da, planta txiki bat eraikitzea, planta handiaren kostu guztiaren % 10-20ko kostua lukeena. Planta horrek lortu nahi den emaitza lortzen duen ikus dezake enpresak, eta, ondoren, gainean moduluak jartzen joan daiteke, bertikalak baitira. Horrek abantaila bat adierazten du muntaketarako, baina baita desmuntatzeko ere; izan ere, uneren batean moduluetako bat hondatzen bada edo algak kutsatzen badira, beste batez ordeztu daiteke, inolako arazorik gabe.
Horrez gain, esan beharra dago urri amaieran edo azaroan zuhaitz bat muntatuko dugula Baionan, Euskal Hirigune Elkargoan; Iparraldeko hainbat udalerri biltzen ditu komunitate horrek. Beraz, horixe izango da nazioarteko gure lehen abentura.
Sumatzen duzue ekimenik jendearengan?
Bai, jendeak oso elementu positiboa dela ikusten du, ez dela oso garestia, eta osasuna sustatzen duela.
Azkenik, zergatik egin zenuten bat BIC Bizkaia Ezkerraldearekin? Zer ekarpen ari zaizue egiten?
2022. urtearen amaieran etorri ginen BIC-era. Gure enpresa, berrikuntza-enpresa gisa, itunpekoa da. Iruditu zitzaigun BIC Bizkaia Ezkerraldea gune egokia zela kokapenari, eraikinari eta batzartzeko tokiei zegokienez; gainera, zure proiektua ezagutarazteko erraztasunak ere ematen ditu. Eta horregatik etorri ginen batik bat.