Laugarren urtez jarraian, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailak eta SPRI taldeak, BIC Araba, BEAZ Bizkaia, BIC Ezkerraldea eta BIC Gipuzkoa zentroekin batera, abian jarri dute barne-ekintzailetzan murgiltzeko akonpainamendu eta prestakuntza-programa. Ekimena martxan jarri zenetik, 125 enpresek negozio berriak abian jartzeko norbanako akonpainamendu aditua eskatu dute eta zuzendaritza-ardurak dituzten 900 lagun inguruk parte hartu dute prestakuntza zein kontraste adituko saioetan.
Bertako enpresek arlo honetan dituzten beharrak zehatzago ezagutzeko, 2017. urtean barne-ekintzailetzan esperientzia duten enpresen artean inkesta egin da, eta urtean zehar ezagutaraziko dira emaitzak.
Ekintza eta ekimen-sorta honen helburua da euskal enpresetan negozio berriak sortzea, lehiakortasuna handitzeko. Inkestan parte hartu duten enpresen artean, %68k esan du negozio berrien bila ari direla arriskuak dibertsifikatzeko eta diru-sarrera, hazkunde eta errentagarritasun-iturri berriak eskuratzeko. Gainerakoen esanetan, bide hau egokia da bezeroek azaldutako beharrei erantzuteko eta merkatuaren eskakizun berriei aurre egiteko.
Aitor Urzelai, Ekintzailetza, Berrikuntza ta Informazioaren Gizartea arloko zuzendariak aurreko edizioetako emaitza onak nabarmendu ditu eta aurtengo lehentasunen artean kokatu du. Bere hitzetan, “ekintzailetza sustatzeko apustua jarduera sozio-ekonomikoa zeharkatzen duen lerroa da, eta ekimen honekin enpresen barne-gaitasunak ahalik eta gehien azaleratu nahi ditugu, geure babesa eta laguntza eskainiz beren ahalak gara ditzaten, eta etorkizun-negozioak abian jar ditzaten”.
Aurreko urtetan bezala, euskal erakundeek sentsibilizazio, akonpainamendu adituko eta prestakuntzako jarduerak prestatu dituzte enpresei eskaintzeko. Bide horretan laguntzaile dituzte 25tik gora erakunde eta elkarte (klusterrak, enpresa-elkarteak, merkataritza-ganberak, eta abar) euskal enpresa-sare osora heltzeko helburuarekin.