Joseba Villate (Bilbo, 1979) Bilboko Ingeniarien Elkargoko ingeniari industriala da, Nafarroako Unibertsitateko IESE Negozio Eskolako MBA tituluduna. 20 urtetik gorako esperientzia du berrikuntzaren esparruan, eta Alemanian eta Estatu Batuetan lan egin du; hainbat enpresa, zentro teknologiko eta aholkularitzatan aritu izan da, startup, ETE eta enpresa handiei aholkularitza ematen I+G+B estrategiei buruz. BIC Bizkaia Ezkerraldeko haztegian sortutako Alterity Energy startupeko CEO da 2021aren hasieratik.
Nola sortu zen Alterity Energy?
Student Motor Txapelketan elkar ezagutu genuen 5 ekintzaileren ideian du jatorria; motor elektriko bat diseinatu, eta Txapelketa irabazi genuen 2016an, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoaren ordezkari ginela. Eta 2018an Alterity sortu genuen.
Zer fabrikatzen duzue?
Alterity oinarri teknologikoko startup industrial bat da, Barakaldon du egoitza, eta prestazio altuko litiozko bateriak diseinatzen eta fabrikatzen ditu hainbat sektoretarako, nagusiki industriarako, logistikarako (robotak, AGVak, AMRak, orgak, plataforma jasotzaileak eta abar) eta mugikortasun elektriko arinerako (bizikletak, motorrak, azken miliako ibilgailuak eta off road ibilgailuak).
Bateria guztiak dira jasangarritasunaren ikuspegia kontuan hartuta eta ekodiseinuaren eta ekonomia zirkularraren printzipioei jarraituz sortuak; hain zuzen ere, birfabrikatu eta bigarren bizitzako aplikazioetan aprobetxatu daitezke haien osagai ahituak.
Eta BIC izan zen sorlekua…
Lehen hilabeteetan etxetik aritu ginen lanean, baina berehala jarri ginen harremanetan BEAZekin, eta aukera bikaina ikusi genuen BIC Bizkaia Ezkerraldean kokatzeko. 2019aren erdialdera aldatu ginen hara, 80 m2 inguruko modulu batera. Bagenuen coworking bulego bat ere Bartzelonan, baina iaz, urtearen erdialdera, bi kokalekuak aldatu genituen, gure hazkundearen ondoriozko espazio arazoak zirela-eta.
Zer oroitzapen duzu BICen egindako denboraz?
Ia 2 urte egin genituen han guztira, 2022ko martxora arte, baina BIC barruan ere zenbait aldiz lekualdatu ginen. Lehen modulu hartatik beste modulu handiago batera aldatu ginen; bigarren hartan bagenuen bulegoetarako tokia nahiz tailerra. BICen egon ginen azken hilabeteetan, txiki gelditu zitzaigun espazioa, eta beste modulu bat alokatu genuen, bulegoetarako soilik. Azkenean, 2022ko martxoan, lokal handiago batera aldatu ginen, hori ere Barakaldon.
Oroitzapen bikaina dugu BICen egindako bideari buruz, hantxe handitu baitzen taldea eta sortu baitziren gure lehen proiektuak. Gainera, etengabe eskaini ziguten BIC Bizkaia Ezkerraldea taldeak nahiz BEAZ osoak beren hurbiltasuna eta esperientzia.
Enpresa hasita dago bere bidea egiten; nola doa bilakaera?
Pozik gaude daramagun garapen erritmoarekin. Azken bi urteetan, biderkatu egin dugu fakturazioa, eta 2023an eta 2024an ere hala gertatzea espero dugu. Plan handinahi bat dugu, eta uste osoa dugu lortuko dugula burura eramatea. Horretarako, 25 lagun ditugu bi kokalekuetan, eta gehiago handituko gara hurrengo hilabeteetan.
Zer fase edo garaitan zaudete?
Hedapen fasean, oraingo bezeroak sendotzen eta merkatu nahiz herrialde berrietara zabaltzen. Gure ustez, 2023a izango dugu nazioartekotzearen urtea, eta gure salmentak bizkorrago handitzekoa.
Proiektu nagusiak?
Une honetan, bateria sail horiez gainera –dagoeneko baliozkotuta daude industriaren eta mugikortasunaren sektoreetako zenbait bezerorentzat–, bi erronka ditugu 2023rako. Alde batetik, salmentak Europako zenbait herrialdetara hedatzea. Eta, bestetik, gure baterietarako ezaugarri berriak garatzen jarraitzea, parte hartzen ari garen eta Europako Next Generation Funtsen laguntza duten Ibilgailu Elektriko Konektatuko bi PERTE-ei esker.
Zer nabarmenduko zenuke enpresa sortzeko, garatzeko eta abian jartzeko prozesu osotik?
Batez ere, azpimarratuko nuke taldearen garrantzia, haren jakintza eta proiektuan duen inplikazioa. Eta baita enpresak oro har dituen mugez jabetzea ere, enpresaren fase bakoitzean handitzen lagunduko diguten aliatuak aurkitu ahal izateko horrela.
Etorkizunera begirako proiektuak?
Etorkizunera begirako gure proiektu nagusia da abian jartzea energia gordailu egonkorretarako bigarren bizitzako baterien negozio ildoa, sortu zenetik bertatik enpresak aintzat hartzen dituen zirkulartasunari eta iraunkortasunari buruzko irizpideak guztiz betetzeko.