BIC Bizkaia Ezkerraldeak eta Birikak, permakultura sustatzen duen eta BIC Bizkaia Ezkerraldean (Deustuko Unibertsitatearekin batera) ematen den Yuzz prestakuntza programaren (SPRI eta Banco Santanderren hitzarmena) bitartez sortu den startupak, Ilgner eraikinaren terrazan instalatuta dagoen hiriko ortua aurkeztu dute gaur goizean. Ekimen horrek, ingurune iraunkorrak eta hiriguneetako ingurumen eraginaren murrizketa sustatzen ditu. Horrela, BIC Bizkaia Ezkerraldeak, enpresa gunetik eta Ezkerraldetik eta Meatzaldetik isurtzen den karbono aztarna murrizten laguntzeko apustua egiten du.
Hiriko ortuek egiten duten lana funtsezkoa da klimaren aldaketaren eta kutsaduraren ondorioei aurre egiteko, eta, gainera, ingurumen, gizarte eta ekonomia alorreko onurak ekartzen dizkio gizarteari. Iñaki Calvo BIC Bizkaia Ezkerraldeko gerenteak azaldu duenez, “instalatu dugun hiriko ortuarekin keinu txiki bat egin gura diogu ingurumenari eta gizarte iraunkorragoa eta osasungarriagoa eraikitzeko gure hondar ale txikia jarri gura dugu. Gainera, ekimen hori jardunbide onen adibidea izan daiteke eta Ezkerraldeko eta Meatzaldeko eta Bizkaiko gainerako lekuetako beste terraza batzuetan hiriko ortu gehiago instalatzea sustatzeko balio dezake”.
Birika duela hilabete inguru hasi zen hiriko ortua instalatzen, segurtasunari eta Ilgner eraikineko terrazaren klima ezaugarriei buruz egin beharreko azterlanak egin ondoren. Iñigo Rodilla Birikako bazkide-sortzaile eta sustatzaileak azaltzen duenez, “hiriko ortua jartzeko leku horretan zenbat argi ordu dagoen aztertu genuen, batez ere, izan ere, ez da gauza bera iparraldera edo hegoaldera begira egotea. Beharrak asko aldatzen dira. Gainera, nahiko prozesu erraza da, batez ere permakultura betidaniko nekazaritza baino hobeto kontrolatzen dugulako. Pertsonok ingurune naturaletan oinarrituta diseinatzen dugu espazioa, baina landare bakoitza non jarri, behar izango dugun ur kopurua… erabaki dezakegu”.
Une honetan, BIC Bizkaia Ezkerraldearen hiriko ortuak landare mota asko ditu, porruak, tipulak, azenarioak, hainbat letxuga mota, azelgak, lekak, artoa, marrubiak, grosselak, magurdiak, limoi zuhaitz bat, mandarina zuhaitz bat, mahats zuriak eta gorriak, perrexila, mihilua, martorria, izpilikua edo erromeroa, besteak beste. Gainera, laster hasiko dira kalabazak eta denbora gutxi barru tomateak eta bertako piperrak ere izango ditu. Horrela, Iñigo Rodillak fruten eta landareen alorreko hezkuntzaren eta prestakuntzaren aldeko apustua egiten du, eta, hori dela eta, “bideratu beharreko tresna, kontzeptu eta teknologia guztia bideratzen dugu hiriko ortuen jabeak eurak izan daitezen ortuak zainduko dituztenak “.