Juncal Alzugaray Zurimendi (Bilbo, 1981) Alooaren sortzaileak –aurten, BIC Bizkaia Ezkerraldeko habian jaiotako enpresa– fisioterapia ikasi zuen, Salamancako Pontifize Unibertsitatean. Horrez gain, osteopata da, eta aditua pelbis-zoruan eta sexologian. Gaur egun, Radio Euskadiko ohiko kolaboratzailea da Boulevard Magazine eta Ganbara de Cerca saioetan. 2015ean “Mi suelo pélvico” liburua argitaratu zuen, eta dagoeneko seigarren edizioa atera du. Horren harira, hitzaldiak eta tailerrak eman ditu hainbat ahalduntze-eskolatan. Horietan eta kontsultan konturatu zen emakumeok zer gutxi dakigun gure gorputzei buruz, eta horixe izan zen Alooa jaiotzeko arrazoia.
Zer egiten duzue Alooan?
Gaur-gaurkoz, bulba eta bagina hiperrealista eta bigunaren lehen eredu anatomikoa garatu dugu mundu mailako merkatuan. Gainera, hitzaldiak, eskolak eta tailerrak ematen dizkiegu bai osasun-arloko profesionalei, bai herritarrei oro har.
Nola sortu zen Alooa?
Pornoko emakumeen genitalez bestelako material bat izateko beharrak eraginda, edo, besteak beste, oihalezko eta krotxezko beste eredu mota batzuk erabiltzeak dakarren infantilizazioagatik.
Nolako erantzuna eskaini dizue merkatuak edo jendeak? Espero al zenuten?
Kontsultako pazienteak hunkitu egiten dira. Eta balio handia du horrek. Arlo honetako osasun-profesionalek horrelako material bat behar zutenez, poz-pozik daudela diote. Bide oso hunkigarria da ari da izaten, egia esan.
Nola ari da garatzen enpresa?
Pixkana-pixkana. Oraingoz, Leticia Lus (komunikazioa eta marketina) eta ni neu soilik gaude. Gainera, merkatua hutsetik urratzea gogorra da. Hala ere, dagoeneko Espainiako 7 unibertsitatetan eta hainbat ikastetxetan kokatu gara.
Zergatik erabaki zenuten BICen habian sartzea?
Beste enpresa batzuk inguruan izatea ona da beti, inguruan pil-pilean zer dagoen jakitea. Laguntza-sare bat dagoela sentitzea. Hori oso garrantzitsua da, egia esan.
Zer ari zaizue ematen?
Beste proiektu batzuk ezagutzea, beste jende bat, dirulaguntzen arloa eguneratzea, adibidez, elkartzeko gune bat dugula jakitea, zerbait antolatu ahal izateko. Horrek lasaitasuna ematen du.
Zer asmo dituzue orain etorkizunerako?
Nazioarteko merkatura jauzi egitea. Oso hurbil suma dezakegu.
Beste proiektu berritzailerik bai buruan?
Hori beti. ALOOA proiektu bizia da. Estereotipoak hausten dituzten bestelako eredu anatomiko batzuk garatu nahi ditugu. ALOOA asmo handiko proiektua da. Arian-arian.