Urtarrilaren 30ean (astelehena), BIND 4.0 berrikuntza irekiko plataformari buruzko informazio-jardunaldia egingo da Ilgner eraikinean. Bertan, programaren arduradunek BIND 4.0 SME Connection eta Bind 4.0 GovTech ekimenak ezagutaraziko dituzte.
Batez ere startupei zuzendutako jardunaldia izango da, eta haren xedea dibulgaziorako topaketa izatea da, BIND 4.0 eta proposatutako erronkak ezagutzera emateko, eta programari buruz sor daitezkeen zalantza guztiak argitzeko. Izena emateko epea otsailaren 3an amaituko da.
BIND 4.0 SME Connectionen helburua startupak eta euskal enpresa txiki eta ertainak (ETE) elkarrekin hartu-emanean jartzea da, haien erronka teknologikoei erantzuteko. Edizio honetan, 28 ETEk hartu dute parte, eta, guztira, 11 erronka jarri dituzte mahai gainean, startup berritzaileenek ebatz ditzaten. Burdinola, Ona, Gestamp taldea, Bodegas Itsasmendi eta Café Baqué izan dira parte hartu duten enpresetako batzuk.
BIND 4.0 GovTechi dagokionez, erronkak aurkeztu dituzte, halaber, 6 euskal erakunde publikok (EJIE, EEE, Hazi, Ihobe, Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea eta Spri), ardatz hartuta startupen teknologia administrazio publikoan txertatzea, haren berrikuntza azkartzeko asmoz.
Bi ekimenak zortzi urte baino gutxiago dauzkaten startupei zuzentzen zaizkie; zehatz esanda, zerbitzuen, industriaren, ingurumenaren eta energiaren sektoreetan aplikatzeko teknologia berriak garatzen dituzten startupei. Gainera, probatu eta inplementatu ahal den edo dagoeneko merkatuan eskura daitekeen irtenbide bat izan behar dute.