Ekainaren 23an Nicolás Larburu Zentroak BICeko enpresei aurkeztu zien bere TKgune zerbitzua. TKgune programa LHko ikastetxeen eta enpresen arteko ezagutzaren bi norantzako transferentzia errazteko ekimena da. José Antonio Álvarez Quirogarekin, Lanbide Heziketako Funtzionario Irakasle Tekniko eta gaur egun Nicolás Larburu LHIIko TKGune Zerbitzuko arduradunarekin, izan gara.

 

TKgune Lanbide Heziketako Sailburuordetzak abian jarritako ekimena da. Zertan datza ekimen hori eta zein da lortu gura den helburua?

Helburu orokorra eta nagusia Lanbide Heziketako ikastetxeen eta enpresen arteko ezagutzaren bi norantzako transferentzia erraztea da.

Helburu horretara iristeko, Lanbide Heziketako ikastetxeen eta enpresen artean berrikuntza-proiektuak gauzatzeko erronka planteatzen dugu.

 

Nori dago zuzenduta? Enpresei? LHko ikastetxeei? Azaldu zelan elikatzen diren biak

Zerbitzua Lanbide Heziketako ikastetxe batzuetatik eskaintzen da eta ETEetara zuzentzen da. Alde batetik, LHko ikastetxeek beren beharrei erantzuteko duten gaitasuna jarri gura da ETEen esku, bai irakasleen esperientziarekin eta ezagutzarekin, bai ikastetxeko baliabide ukigarriekin (makinak, softwarea, instalazioak…). Bestalde, irakasleen eguneratze-beharrei ere erantzun gura zaie, enpresen errealitatera hurbilduz eta lankidetza erronka gisa planteatuz.

 

Zer proiektu motatan ezar daiteke ekimen hori?

Gure Autonomia Erkidegoan TKgunek hartzen dituen arlo nagusiak hauek dira:

·        Mugikortasuna. Trengintza, Automobilgintza, Aeronautika, Ontzigintza

·        Energia eta ingurumena. Ohiko energiak, Energia berriztagarriak, Eraikuntza jasangarria

·        Digitalizazioa eta Konektagarritasuna. Sormen-industriak, Informatika eta Telekomunikazioak, Zibersegurtasuna

·        4.0 industria eta Fabrikazio aurreratua. Makina erreminta, Fabrikazio Aditiboa, Fabrikazio Mekanikoa, Forjaketa eta Estanpazioa, Automatizazioa

·        Bioteknologia eta Osasuna. Ortoprotesiak, Bioinprimaketa, Terapia genikoak, Zahartze osasuntsua, Diagnostiko molekularra

·        E-commerce, Ostalaritza eta Turismoa. E-commerce eta Marketina, Turismoa, Gastronomia, Elikagaien Segurtasuna

Barakaldoko Nicolás Larburu LHIIko TKgune zerbitzutik, oraingoz, Digitalizazioa eta Konektagarritasuna, Industria 4.0 eta Fabrikazio Aurreratua arloetan eta E-commerce arloetan eskaintzen ditugu lankidetzak.

 

Noiztik dago martxan proiektu hori?

TKgune proiektua 2016tik ari da gauzatzen. Hasiera batean, industria-proiektuetan zentratu zen. 2020-2021 ikasturte honetan, enpresen administrazioarekin eta kudeaketarekin lotura handiagoa duten arloak sartu dira.

 

Zelan ematen da enpresaren eta prestakuntza-zentroaren arteko harremana? Eta zelan planteatzen da eguneroko jardunean?

Zerbitzua kalitatea bermatzeko prozeduraren bidez eman gura dugu. 4 fase ditu:

Lehenengo fasean enpresarekin harremanak ezartzen dira. Batzuetan, ekimena LHko ikastetxetik abiatzen da, eta, beste batzuetan enpresek jartzen dute martxan, gurekin harremanetan jarriz, zerbitzua ezagutzen dutelako edo norbaitek gurekin lankidetzan aritzeko aukeraz hitz egin dielako. Lehenengo elkarrizketa batean, TKgune zerbitzuaren ezaugarriak zehazten ditugu eta enpresaren beharra identifikatzen saiatzen gara. Fase horrek hainbat kontaktu eta bisita ekar ditzake berekin, LHko zentroan, enpresan, deiak, mezuak eta abar, adierazitako beharraren konplexutasunaren arabera. Lehen fase horren helburua Ulertzea eta Ulertua izatea da.

Bigarren fasean, lankidetza-proiektua zehaztu eta definitu egiten da. Askotan, alternatibak izan ditzakeen txosten batean dokumentatzen da. Halaber, proiektuaren garapen-kostuak jasotzen dituen aurrekontu ekonomiko bat egiten da. Fase hori amaitzeko, erabaki bat hartu behar da: proiektua aurrera eramatea eta aurrekontuari aurre egitea, ala ez.

Erabakia baiezkoa izan bada, proiektua gauzatuko den hirugarren fasean sartuko gara. Proiektuari hasiera ematen zaio, aurretik zehaztutako edo beharrezko jarraipena egiten da. Fakturatu egiten da. Dagokion betetze- eta gogobetetze-analisia egiten da.

Azkenik, laugarren fasera iritsiko gara: Ezagutzaren Transferentziara. Fase horretan, ikaskuntza eta haren edukiak LHko ikastetxean eta enpresan zabaltzen dira, eta ezagutza hori aldeen eskura jartzen da.

 

Zenbat denbora iraun dezake alderdien arteko harremanak proiektu jakin baterako?

Erritmoa eta epeak desberdinak dira zentro teknologiko batek merkatu pribatuan ezar ditzakeenekin alderatuta. Adibide gisa, gure kasuan, eta aurten hitzordu asko atzeratu eta erabaki asko une egokiagorako utzi direla kontuan hartuta, 14 proiektu 2. fasera arte gauzatu ahal izan ditugu. Oporretatik bueltan, zenbat aurrekontu onartu diren zehaztea espero dugu.

 

Zenbat enpresa eta ikastetxek hartu zuten parte ekimena martxan jartzean? Eta gaur egun zer egoeratan gaude?

Gaur egun, EAEko Lanbide Heziketako 40 ikastetxek baino gehiagok hartzen dugu parte. Gaur egungo enpresen estatistika oraindik ez dago eskuragarri; uztailean proiektuak ixten joango gara, eta koordinazioko lankideak izango dira txosten horiek egingo dituztenak.

https://tkgune.eus/ webgunean kontsulta daitezke inplikatutako zentroak, ikastetxe bakoitzak eskaintzen dituen zerbitzuen katalogoa eta aurreko urteetan itxitako proiektu batzuen laburpena.

 

Zelan ikusten da horrelako ekimenen etorkizuna? Bakarrik berrikuntza-produktuetan oinarrituta al daude?

TKGUNE, zerbitzu gisa, Eusko Jaurlaritzak gauzatu eta indartu gura duen estrategia baten parte da. Lanbide Heziketako Euskal Planak arautzen du, eta mapak (irudian bertan dago esteka), enpresen errealitatea eta lanbide-heziketa lotzeko joerari buruzko ideia orokorragoa ematen du.