Gonzalo Pellejero, BIC Bizkaia Ezkerraldean inkubatutako Tech Friendly enpresako Zuzendari Nagusia Barakaldoko Larrea Jauregira etorri da gaur ostegunean. Bertan, “Dar Cera Pulir Cera Academy” ekitaldia antolatu da, hiriko eta eskualdeko enpresen artean harremanak sortzeko, ikasteko eta esperientziak konpartitzeko.

Erreferentziazko enpresa zarete sektorean. Zelan sortu zen Techfriendly martxan jartzeko ideia?

 

Sergio Serna eta ni, proiektuaren ideologoek, esperientzia genuen iraganean nazioarte edo toki mailako kontsultoretza enpresentzat lan eginez. Bertan, lanak modu “tradizionalean” egiten genituen, administrazio publikora zuzenduta batez ere, industriako sektoreetan esperientzia zabala daukagun arren.

Azken urteotan, sektore publikoko bezeroek dagoeneko ez dutela estrategia gordina nahi ikusi dugu, eta askoz ere balio gehiago eman genezakeela IKT-en erabileraren (tokiko gobernuei lurraldeen erronkak ulertarazten laguntzeko orduan, batez ere) eta arazoen gaineko ekintzaren bitartez.

Beste alde batetik, datu irekiekin eta mugikortasunarekin erlazionatutako pare bat produktu ideia genituen –hasiera batean industriako sektoreetara zuzendutakoak–.

Duela urtebete eta erdi, bi alderdiak elkartu eta Techfriendly sortzea erabaki genuen, Techfriendlyren akziodun nagusia den Bikefriendly Group-en babespean. Sinergia handiak sortzen ditugu taldearekin ekonomiaren sustapenaren, turismoaren edo bizikleta bidezko mugikortasunaren alorretan.

 

  Zergatik erabaki zenuten ekintzailetzari ekitea?

Negozio bat ulertzeko, muntatzeko eta kudeatzeko modu berezia dugu. Beti pentsatu izan dugu beste batzuekin izan beharreko lankidetza, maila komertzialean edo soluzioen garapenean edo proiektuak gauzatzean, gaur egun salmentarako aukerak sortzeko eta bezeroei ahalik eta balio handiena emateko modurik onena dela. Horrez gain, jarrera eta pentsamendu zabala duten pertsonak bilatzen ditugu, lanerako gaitasuna dutenak eta kritika konstruktiboak egingo dituztenak, baita zuzendaritzaren aurrean ere. Beste alde batetik, oso horizontalak eta gardenak gara erakunde osoarekin. Lana egiten dugun moduak ez da oso ondo egokitzen egitura “tradizional” askotara eta, ondorioz, gure ereduan eta gure filosofian oinarritutako negozioari ekitea erabaki genuen, horrez gain, soluzioen paketizazioari lehentasuna emanez.

Jendea gauza bera egitera animatuko al zenuke?

Jakina. Enpresa proiektu bati ekitea gogobetetze handia ematen duen prozesua da, maila pertsonalean eta taldekoan, baina kontuan izan behar da beti bidea ez dela erraza, eta oinarrizko zenbait trebezia landu behar direla. Eta ez dela inoiz ahaztu behar bezeroari eta salmentari begiratu behar zaiela.

Zein arazo aurkitzen duzue zuen lana aurrera eramateko orduan?

Une honetan, eta bederatzi hilabeteko ibilbidearen ondoren, “hazkunde” jasangarriaren arazoari aurre egiten ari gara. Espainia osoan ari gara lanean, eta arrakasta komertziala izaten ari gara. Horrek konplexutasun handiagoa dakar barruko eta kanpoko lan taldeen kudeaketan.

Lehia handia al duzue?

Bai. Mota guztietako enpresekin lehiatzen gara, BIG4 kontsultoretzetatik tokiko IKT enpresetaraino. Baina eta IKT produktuetan eta gure know-how esperientzian eta kontaktuen sarean oinarritutako gure kanal komertzialak duen balioa defendatzen dugu, logistikarekin, mugikortasunarekin, ekonomiaren sustapenarekin, berrikuntzaren bultzadarekin, biztanleen zahartzearekin, turismoarekin… erlazionatutako arazo konplexuen ebazpenean laguntza teknikoa emateko.

Zergatik erabaki zenuten zuen egoitza BIC Bizkaia Ezkerraldean ezartzeko apustua egitea?

Barakaldo eta Bilbo arteko leku bat bilatzen genuen (etxetik gertu) eta, ahal izanez gero, IKT enpresak gertu izango zituena. BIC Bizkaia Ezkerraldeko instalazioak ezagutzen genituen (instalazio bikainak dira) eta oso egokiak ziren guk behar genuenerako.

BICen ia urtebete igaro ondoren, aukeraketarekin ez genuela hanka sartu esan dezakegu. BICen bertan, modu aktiboan lankidetzan ari garen enpresak aurkitu ditugu eta, horrez gain, jakina, bertako zuzendaritza, kudeaketa eta tutoretza giza taldea aurkitu dugu, ekipo bikaina, hain zuzen ere.

Zer da DAR CERA PULIR CERA ACADEMY proiektua?

Ideia bat baino gehiago, epe luzeko proiektua da.  DAR CERA PULIR CERA ACADEMY proiektuaren ideia duela bi hilabete sortu zen, BIC Bizkaia Ezkerraldeak antolatutako Casual Friday Meeting batean. Bertan parte hartzeko aukera izan nuen, Techfriendly negozio eredua azaltzeko. Gure lan egiteko moduak bertaratuen artean interes handia sortu zuela ikusita eta, gehienetan, start-up-ek bultzada komertziala behar izaten dutela (saltzeak dena sendatzen du), Barakaldoko enpresei zuzendutako topaketarako espazio fisiko-birtuala antolatzea erabaki genuen. Bertan, modu informalean, jakin-min eta interes komunak partekatuko genituzke, bide batez, hiriaren berrikuntza ekosistema indartzen lagunduz. Uste dugu, gainera, Barakaldon bizi edo lan egiten dugun pertsona guztien erantzukizuna dela gure enpresen eta jasotzen gaituen hiriaren etorkizunaren alde borrokatzea.

Uste dugu ezin diogula dena administrazio publikoari eskatu eta, ekimen pribatuan oinarrituta, lehiakorrago izateko lan egin behar dugula. Edozelan ere, administrazio publikoaren laguntza beti da ondo etorria eta asko eskertzen diogu Barakaldoko Udalari proiektuaren hedapenean erakutsi duen inplikazioa eta edukien sorkuntzan izan duen partaidetza zuzena.

Horrela sortu zen astearte honetan, maiatzaren 22an, egingo den DAR CERA PULIR CERA ACADEMYren lehenengo “edizioa”. Enpresen arteko lankidetzan oinarritutako abenturaren hasiera izatea nahiko genuke.

Agian hurrengo edizioetan formatuak aldatu egingo dira. Partaideen beharretara egokituko gara.

 Kulturanitzeko inguruneetan, egitura matrizialean eta nazioarte mailan lan egitera ohituta zaude. Zer da zure lanetik gehien atsegin duzuna? Zein arazo aurkitzen dituzu zure eguneroko jardunean? Zein aholku emango zenioke alor horretan espezializatu nahi duenari?

Asko atsegin dut produktu eta zerbitzu berrien sorkuntza prozesua. Eta ezagutzen nautenek badakite produktuaren diseinuak eta informazioaren teknologiek liluratu egiten nautela. Inolako zalantza barik, hori da nire lanetik gehien atsegin dudana.

Beste alde batetik, nire ohiko arazoak jende guztiarenak dira: taldea bateratuta eta motibatuta edukitzea, merkataritza eta lan erritmoari eustea, hilaren amaieran soldata eta faktura guztiak ordaintzea eta zergekin eta gizarte aseguruekin egunean egotea.

Zein aholku emango niokeen nire lekua bete behar duenari? Konstantzia, jarrera, maitasuna eta ahalik eta kalitate handiena egiten duen guztian.

  Zein da zure hurrengo erronka?

Hiru erronka ditut epe labur-ertainerako.

Lehena, nire lan-familia kontziliazioa hobetzen ahalegintzea: negozio bat muntatzeak eta eusteak eskakizun maila handia ezartzen dizu ordu guztietan (burua etengabe ari da pentsatzen, baita etxean zaudenean ere). Bigarrena, nire lan-kirol kontziliazioa hobetzea; oraindik ez dut lortu astean 3 aldiz baino gehiagotan korrika egitera irtetea (horrek badu zerikusia lehen erronka lortzearekin). Hirugarrena, nire prestakuntza erritmoari eustea: duela 3 urte MOOC izenekoen mundua ezagutu nuen, eta aurten, MITek EDx plataformaren bitartez eskaintzen duen eta urtebete iraungo duen Statistics and Data ScienceMicroMaster izenekoan izena eman nahi dut (horrek badu zerikusia lehen eta bigarren erronkak lortzearekin).