BIC Bizkaia Ezkerraldeak bat egingo du Bizkaifotoren lehenengo edizioarekin. Ekitaldia datorren larunbatean, apirilaren 1ean, ospatuko da zentroan, argazkigintzaren azken joerak erakutsi nahi dituen jardunaldian. Ekitaldiko partaideei deialdia egingo zaie, egunean zehar Ezkerraldeko enpresa zentroko instalazioei argazkiak ateratzeko. Ondoren, erakusketa bat antolatuko da Bizkaifoton jasotako irudiekin.

Horrela, BIC Bizkaia Ezkerraldeak sektoreko profesionalen eta zaleen esku jarri nahi du Ilgner eraikina, kanpoaldea zein barrualdea, “zentroan egingo duten jardunaldia ahalik eta gehien baliatzeko aukera eskaintzeko eta euren irudimenari lan egiten uzteko, historiaz eta kulturaz beteta dagoen agertokian”, azaldu du Iñaki Calvo BIC Bizkaia Ezkerraldeko zuzendari gerenteak.

Bizkaifotoren lehenengo edizioa ospatu ondoren, zentroak partaide guztien argazkiak bildu eta jendearentzat zabalik egongo den aldi baterako erakusketan erakutsiko ditu, bere instalazioetan eta online argazki galeria batean (beti ere egileen aurretiazko baimenarekin).

Horrela, BIC Bizkaia Ezkerraldeak balioan jarri nahi du Ilgner eraikin historikoa, eskualdeak jaso duen herentzia kultural eta industrial garrantzitsua, inguruko eta Bizkaia osoko herritarrentzat erreferente dena. Iñaki Calvok azaldu duen bezala “Barakaldoko Bizkaiko Labe Garaietan (BLG-AHV) lan produktiboa egin zuten lantegi guztien artean kontserbatzen den eraikin bakarra da. 2000. urtean zaharberritze lanak egin ziren bertan, gaur egun BIC Bizkaia Ezkerraldea dena jasotzeko. Erdiko aretoak 250 tona inguruko makina bat du, lantegiaren sinbolo historikoetako bat. Horrez gain, Ilgner eraikinak, berriztatze lanen ondoren kontserbatu ziren beste elementu historiko batzuk ere baditu, zubi-garabia, koadro elektrikoak eta kommutratrizen aretoko frisoa osatzen zuten azulejuak, besteak beste”.

Nola bidali dezaket argazkiak?

Bizkaifotoren partaideek info@bicezkerraldea.eus helbide elektronikora bidali ditzakete euren argazkiak, ondoren, erakusketan eta galeria digitalean erabiltzeko. BIC Bizkaia Ezkerraldeak hitzeman egiten du jasotako irudiak egileen aurretiazko baimenarekin bakarrik erabiliko direla.