BIND 4.0ri, startupen azeleragailu publiko-pribatuari, eskainitako Casual Friday Meeting-aren XVII. edizioarekin eman diogu hasiera udari. BIND 4.0, Basque Industry 4.0ren barruan dago, Eusko Jaurlaritzak industria sektorea bultzatzeko egin duen apustu estrategiko gisa, eta startupen eta Euskadin dauden industria alorreko enpresa handien arteko elkarlana errazten du. Oraingo honetan, Ilgner Espazioan ekainaren 30ean egin den ekimenean, Aitor Urzelai Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarte zuzendariak, Alex Arriola Spri Taldeko zuzendari nagusiak eta Iñaki Calvo BIC Bizkaia Ezkerraldeko zuzendari gerenteak hartu dute parte.

Jardunaldian zehar, hizlariak bat etorri dira Eusko Jaurlaritzak euskal ekonomiaren motor gisa bultzatzeko eta enplegua sortzeko industria sektorearen alde egin duen apustu estrategikoa azpimarratzeko orduan, ekintzaileen bitartez, ikuspuntu orokorretik, nazioarte mailako talentua erakarriz eta BIND 4.0k eskaintzen duen izaera sektoriala finkatuz. Joan den maiatzaren 5ean proiektuak aurkeztu zituen lehenengo deialdiak arrakasta handia izan du eta, horrela, Euskadiko 12 enpresa handik bat egin dute programaren bigarren deialdiarekin. Horren ondorioz,27ra heldu da dagoeneko industria alorreko enpresa laguntzaileen kopurua. BIND 4.0, startup hautagaitzak aurkezteko fasea uztailaren 5ean hasiko duen bigarren edizioari begira dago jadanik.

Horrela, Aitor Urzelaik eta Alex Arriolak azaldu dutenez, “BIND 4.0 startupen beste azeleragailu batzuetatik bereizten duten ezaugarriak, izaera publiko-pribatua eta startupei goi mailako industria alorreko bezeroengana heltzea bermatzen dien munduko lehen azeleragailua izatea dira”. Halaber, azpimarratu dutenez, ekimen horren bitartez enpresek talentua, teknologiak eta soluzio berritzaileak eurenganatzen dituzte,startupek fakturazio erreala eta merkatu berrietara eta finantzaketara heltzea lortzen dute, “eta, garrantzitsuena, Euskadiindustriako ekintzailetza aurreratuaren mapan jartzen da”.

Casual Friday Meeting jardunaldiak benetako erreferente bilakatu dira Ezkerraldeko eta Meatzaldeko eta, ondorioz, Bizkaiko, enpresa eta ekonomia ingurunean eta dagoeneko, ekintzailetzaren alorreko ezinbesteko ekitaldi bilakatu dira. Iñaki Calvoren iritziz, argi eta garbi dago “startupen eta enpresa handien arteko lankidetza ezinbestekoa dela hazten jarraitzeko, enplegua sortzeko, eta eskualdea Euskadiko motor ekonomikoaren parte gisa finkatzeko. BIND 4.0, ikuspuntu globala duen programa da, eta proiektuak konpartitzeko eta indartzeko eta gizarterako erreferente bilakatzeko aukera eskaintzen die ekintzaileei. Casual Friday Meeting hauen bitartez prozesua erraz badezakegu, ongi etorriak izan daitezela”.

Aurkezpen nagusien ondoren, Ilgner eraikineko inkubagailuan dauden enpresek euren proiektuak aurkeztu dizkiete bertaratutakoei, enpresa alorreko ekimenak eta jakin-minak guztien aurrean azalduz. Calvok adierazi duenez, “enpresentzat aukera bikaina da euren burua ezagutzera emateko eta lantzen ari diren proiekturen bat aurkezteko. Etorkizunean lankidetza eta sinergia posibleak lortzeko agertokia eskaintzen diegu”.