BIC Bizkaia Ezkerraldea enpresa garapenerako zentroaren ekitaldi-aretoan egin den Casual Friday Meeting-aren XXI. edizioak enpresak finantzatzeko funtsezko bi tresna aztertu eta balioetsi ditu: mikrokredituak eta Crowdfunding izenekoa. Topaketa, 2019an egin den bigarrena da, eta Oscar Ugarte, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren mende dagoen Seed Capital foru-sozietateko zuzendari gerenteak hartu du parte bertan, eta Seed Capital Bizkaitik eskaintzen dituzten finantzaketa eta inbertsio ereduak aurkeztu dizkie bertaratutakoei.

Jardunaldian zehar, Foru Sozietateak eskaintzen dituen mikrokredituak zer diren azaldu du Oscar Ugartek, 25.000 € arteko maileguen bidez 5 urtetik beherako Bizkaiko mikro enpresa txiki eta ertainei finantzazio txikia ematea. Ugarteren berbetan, “Helburua ekintzailetzari eta enpresen hazkundeari laguntzea da, ekintzaileek finantzatzeko zailtasun handiak dituzten hasierako uneetan”. Gainera, Bizkaiko Sozietatearen gerenteak Enkarterrirako produktu espezifiko bat dagoela nabarmendu du: “Horretarako, Seed capital Bizkaia Mikrok hitzarmena sinatu du Elkargirekin, eta hitzarmen horren bidez finantzaketa Enkarterriko edozein mikro enpresa txiki eta ertaini irekitzen zaio, jardueraren hasierako urtea eta bazkideen esklusibotasuna edozein izanda ere, eta interes tasa %2,5ekoa da”.

Beste alde batetik, Seed Capitaleko gerenteak beste finantzaketa tresna bat ere nabarmendu du: crowdfunding-a, online tresna digitala, Bizkaiko enpresei equity formatuan inbertitzaileak aurkitzen laguntzeko. “Proiektua, balio erantsia eta eskalagarritasuna duten Bizkaiko enpresa berritzaileetan egindako inbertsioak sozializatzean datza, funts handiek proiektu horietan inbertitzeaz gain, edonork ekintzailetzaren aldeko apustua egin dezan, errentagarritasuna eta eragina bilatuz”, azaldu du. Ugarteren berbetan, “Crowdfunding Bizkaia ekintzailetzaren eta inbertsioaren arteko lotura da, proiektu bakoitzaren bideragarritasuna indartuz, azterketa ekonomiko zorrotza eginez eta merkatuko kostu txikiagoarekin. Helburua Bizkaiko proiektu berritzaileak mundu osoko inbertitzaileekin harremanetan jartzea da, negozio eredua handitzeko”.

Horrez gain, enpresa garapenerako zentroen garrantzia nabarmendu du Casual Fridayko protagonistak, BIC Bizkaia Ezkerraldea, adibidez. Izan ere, “Enpresen haztegiak bere abala eskaintzeko moduko proiektu asko ezagutzen laguntzen die, eta hori funtsezkoa da tokiko enpresa garapena lortzeko”.

Casual Friday Meeting izenekoen XXI. edizioarekin, ekimena erreferente gisa finkatu da eskualdeko enpresa eta ekonomia ingurunean, eta ezinbesteko ekitaldia da dagoeneko ekintzailetzaren sektorean. Horrela, BIC Bizkaia Ezkerraldeko zuzendari gerentea den Iñaki Calvoren ustez, “bai gure eskualdean, eta baita  Bizkaia osoan ere, ezagutza maila handia duten ekintzaile asko ditugu, eta BIC Bizkaia Ezkerraldearen helburuetako bat horiek guztiak ahalik eta gehien aprobetxatzea da”. Horregatik, XXI. edizio honetan, Seed Capital Bikaia Foru Sozietatearen bidez enpresek dituzten finantzaketa tresnak ezagutarazi gura izan ditu.