Joan den astetik, CEDEMIk BIC Bizkaia Ezkerraldea izena hartu du; izen aldaketa hori, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila, euskal ekintzailetzaren eragileak antolatzeko eta bultzatzeko aurrera eramaten ari den apustuaren barruan sartzen da.

Horrela, Bizkaian BEAZ, Kabi 612 eta CEDEMI; Gipuzkoan Berrilan; eta Araban CEiA izenez ezagutzen zirenak, hemendik aurrera BIC Bizkaia, BIC Gipuzkoa eta BIC Araba izango dira, hurrenez hurren.

Izen aldaketa hori, Euskadiko enpresa sare iraunkorra indartzea eta enpresak sortzeko eta berrikuntzarako prozesuak bultzatzea bilatzen duen Eusko Jaurlaritzaren ildo estrategikoen barruan dago. Apustu horren barruan, argi ikusten da BIC (Business Innovation Center) horiek tresna egokia direla negozio aukera berritzaileak bilatzeko, jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko potentzialtasunarekin.

Euskal ekintzailetza sistemaren buru diren zentro horiek bideratzaile gisa jarduten dute enpresa berritzaileak edo/eta oinarri teknologikoa duten enpresa berriak sortzeko prozesuan, eta, horrez gain, eragile aktiboak dira hiru Lurraldeetako ekintzailetza kultura bultzatzeko eta sustatzeko prozesuan.

Horrela, BIC Bizkaia, BIC Gipuzkoa eta BIC Araba zentroek lanean jarraituko dute enpresei bideragarritasun planak, aholkularitza teknikoa, finantzaketaren bilaketan laguntza, transferentzia teknologikoa, coaching-a, hedapena, networking-a eta prestakuntza errazteko. Horrez gain, aliantzak bilatuko dituzte erakundeen, enpresa sektorearen, prestakuntza erakundeen, hornitzaile estrategikoen, adituen, inbertitzaileen eta zientzia eta teknologia alorretako eragileen artean.

BIC Bizkaia Ezkerraldea

Orain arte CEDEMI izenez ezagutzen zen eta hemendik aurrera BIC Bizkaia Ezkerraldea izango den Ezkerraldeko Enpresa Garapenerako Zentroaren helburu nagusia enpresak sortzea, dibertsifikatzea eta finkatzea da, Ezkerraldea eta Meatzaldea osatzen duten udalerrietan aberastasuna eta enplegua sortzeko.

Horrela, Iñaki Calvo BIC Bizkaia Ezkerraldeko gerenteak adierazi duenez “orain arte bezala jarraituko dugu lanean, ekintzailetza eta berrikuntza proiektuen aldeko apustua eginez. Gure aholkularitza lana betikoa izango da, gure zentrora heltzen den enpresa bakoitzaren beharretan zentratua”.

Ilgner sehaska, erabat berriztatuta dagoen eraikin historikoan dago. Une honetan bertan 25 enpresa daude, 2.500 m2ko azalera eta enpresetarako 54 modulu ditu, eta guztiek erabiltzeko ekitaldi aretoa, prestakuntza gelak, ekintzailetzarako gelak, aparkalekua….

Erakundearen gizarte kapitala erdi bana sinatu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren, bitartez.