Makina Erremintaren Biurtekoa BECen (Bilbao Exhibition Centre) egingo da maiatzaren 28tik ekainaren 1era, 09:30etik 18:00etara

Samylabs, BIC Bizkaia Ezkerraldean inkubatuta eta industria aplikazioetarako 3D metal inprimagailuen fabrikazioan espezializatuta dagoen enpresak, gaurtik ekainaren 1era bitartean Barakaldoko BECen (Bilbao Exhibition Center) egingo den Makina Erremintaren Nazioarteko Azokan hartuko du parte.

Jon Martinez ekintzaile eta Samylabseko sortzaileetako batek adierazi duenez, “Biurteko azokan parte hartzea funtsezkoa da eskaria behar bezala neurtzeko. Bultzatu egingo gaituzten bezeroak bilatzen ditugu, garapenaren beta fasea jasatearen truke teknologia hori fabrikazio kostuaren truke eskura dezaketen enpresak edo zentroak”, hain zuzen ere.

Samylabs-en berezitasuna 3D inprimagailuen fabrikazioan duen espezializazioa da. Martinezek aitortu duen bezala, ideia kasualitatez sortu zen 2016ko biurtekoan, bera eta Felix Torre Santos bazkidea azokan atzera eta aurrera zebiltzan bitartean. “Teknologia hori erabiltzen zuen makina bat ikusi genuen, eta, makinatik irten eta berehala funtzionala den metalezko pieza bat inprimatu ahal izatearen ideia liluragarria iruditu zitzaigun”, gehitu du. Horrelako bat aurrera eramateko gaitasun teknikoa zutela ikusi zutenez, “lanari ekin zioten”.

Ekintzailearen esanetan, BIC Bizkaia Ezkerraldeko instalazioetan inkubatuta egotea oso lagungarri izan zaie, bertan lan egiten duen jendearen laguntzarengatik eta zure esku jartzen duten kontaktu eta programa sarearengatik. “Horregatik izan ez balitz, inolaz ere ez ginen heldu garen lekura helduko”, azpimarratu du.

Iñaki Calvo BIC Bizkaia Ezkerraldeko gerenteak, bere aldetik esan duen bezala, “BIC Bizkaia Ezkerraldearentzat salto handia da gure zentroan inkubatuta dagoen enpresetako batek Biurtekoa bezain Azoka garrantzitsuan parte hartzea. Ziur gaude bide onetik goazela tokiko talentuaren eta eskualdeko ekonomiaren sustapenean”.

Makinaren Nazioarteko Azoka

Makina Erremintaren Nazioarteko Azoka erreferentea da nazio mailan, bere espezialitateko Europako hirugarren azoka garrantzitsuena. Makina, erreminta, osagai eta gehigarri, automatizazio, metrologia, kalitate kontrol… alorretako garapen berri guztiak aurkezten ditu sektorearen aurrean. Horrez gain, orain arteko nazioartekoena da, 21 herrialdeko 1.751 erakuslerekin, eta euskal BPGan izango duen eragina 40 milioi euro ingurukoa izango da.