Bizkaiko Foru Aldundiak eta Telefónicak beren hitzarmena berritu dute, Bizkaia Open Future_ ekimenaren bidez lurraldeko enpresen eraldaketa digitala arindu eta sustatzeko. Berrikuntza irekiko ekimen bateratu hori, zehazki, 2015. urtearen amaieran jarri zen martxan. Imanol Pradales, Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru-diputatuak, eta Javier Zorrilla, Telefónicako Iparraldeko Lurreko zuzendari nagusiak adostu dute hitzarmen berria, ekintzailetza-ekosistemak aukera izan dezan Bizkaiko konpainia erreferenteek planteatzen dituzten erronkak ebazteko, eta 12 startup eta enpresa txiki eta ertain teknologikok aukera izan dezaten merkataritza bizkortzeko programan (Telefónicak sustatuakoan) parte hartzeko.

Gaur Bilbon aurkeztutako hitzarmenak Bizkaia Open Future_ ekimenari jarraitutasuna ematen dio. Ekimen horri esker, izan ere, bere lehen edizioan, berrikuntza irekiko programaren bidez, lurraldeko bost enpresak (Velatia, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea ESI, Dibal, Ingeteam eta Tecuni) 155 proposamen jaso zituzten EAEko, Estatuko eta nazioarteko ekintzaile, startup, enpresa txiki eta ertain, unibertsitate eta teknologia-zentroen eskutik, beren eraldaketa digitala arindu eta babesteko asmoz. Halaber, negozio-eredu berrien berrikuntza-prozesuan parte hartzeko aukeratutako bost startup bizkortu eta hamar enpresa txiki eta ertain babestu ziren, bai eta sentsibilizazio eta prestakuntzako hainbat programa garatu ere.

Bizkaia Open Future_ ekimenaren barruan aurkeztu den edizio berriak aukera emango du urrats bat gehiago emateko Bizkaiko konpainiak aro digitalera garatzeko orduan, berrikuntza irekiaren bidez, bai eta ekintzailetza dinamizatzeko, lurraldera talentua erakartzeko eta enpresa-proiektuak finkatzeko ere, Telefónica Open Future_ plataforma globalaren bidez konektatuta. Imanol Pradalesek azpimarratu duenez, “Bizkaia Open Future berrikuntzari buruzko ekimen eraginkor ireki bat da, non erreferente diren enpresek eta startupek ezagupen zabala eskuratzen ari diren. Baina, horrez gainera, lehenengo edizioaren emaitzek abalatzen dute teknologia berrien arloko nazioarteko startupek ere lekua dutela gure lurraldean”. Bestalde, Javier Zorrillak berariaz nabarmendu du “enpresa erreferenteen inplikazioa, negozio-prozesuak jokoan jartzen dituztelako, bai eta aurkeztutako startup eta enpresa txiki eta ertainen ahalegina eta kalitatea nahiz parte hartzen dugun guztion kontzientzia, emaitzei erreparatuta programa honek ez baitu parekorik”.

Eraldaketa digitalean oinarrituko den edizio honen berrikuntza, Bizkaiko enpresa erreferenteek planteatutako bost berrikuntza-erronkez gain, honako hau da: heldutasun-maila aurreratua duten startup eta enpresa txiki eta ertain teknologikoen merkataritza bizkortzeko programa bat jarriko da martxan. Bide horretan, Telefónicaren lankidetza izango dute, beren enpresa-proiektua gara eta finka dezaten, multinazionalaren eskaintza teknologikora sartuta.

Bizkaia Open Future_

Bizkaiko sektorea digitalki eraldatzeko orduan babesa emateko Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Telefónicaren artean sortutako ekimena da Bizkaia Open Future_. Programa hau orokorrean industriari zuzentzen zaio, eta tokiko nahiz nazioarteko talentu ekintzaile berriaren eta lurraldeko industria-enpresen arteko lotura-puntu gisa finkatu da.

Bizkaia Open Future_  ekimena antolatzen da, batetik, Barakaldoko  BIC Bizkaia Ezkerraldea instalazioetan kokatutako espazio fisikoaren bidez, eta, bestetik, Telefónica Open Future_ plataforman oinarritzen den espazio birtual baten bidez. Ekimenaren oinarriak dira, batetik, berrikuntza irekiko programa, zeinaren bidez Bizkaiko enpresa erreferenteek benetako negozio-erronkak planteatzen dituzten, ekimenarekin lotutako berrikuntzaren ekosistemak ebatz ditzan; bestetik, merkataritza bizkortzeko programa, non startup eta enpresa txiki eta ertain teknologikoek beren enpresa-proiektua finkatzen duten; eta, azkenik, ekintzailetza erakartzeko eta sentsibilizazioa pizteko programa, hitzaldien bidez ezagutza eta esperientziak trukatu daitezen.

Telefónica Open Future_

Mundu osoko ekintzaile, startup, inbertitzaile eta bazkide publiko eta pribatuekin konektatu eta berrikuntzarako nahiz negoziorako aukerak erakartzeko diseinatutako plataforma globala da Telefónica Open Future_. Talentua bere hazkunde-etapa guztietan babestea du xede, eta, horretarako, erakunde, inbertitzaile eta enpresekin loturak ezarri eta bizkortzeko eredu integral bat baliatzen du.

Programa honetan sartzen dira Telefónica taldeko berrikuntza irekiko, ekintzailetzako eta inbertsioko ekimen guztiak (Think Big, Talentum Startups, Crowdworking, Wayra, Amérigo inbertsio-funtsak, Telefónica Ventures funts korporatiboak), sare global baten bidez. Sare horretara sar daitezke, era berean, ekintzailetza eta inbertsioko estrategia propioak garatu eta enpresa handiekin konektatu nahi duten kanpoko bazkideak. Orain arte 54.000 proposamenetik gora jaso dira, eta 783 startup baino gehiagotan inbertitu da. Guztira, 1.700tik gora bizkortu dira. Telefónica Open Future_ ekimena 17 herrialdetan dago martxan eta, bere bazkideekin batera, 2011z geroztik 425 milioi eurotik gora erabili ditu inbertsiorako.